Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, Euskal Antzerki Topaketen baitako Ikuslegoaren Saria eman du Azpeitiko Udalak; aurtengoan, Kamikaz kolektiboak, Ttak Teatroak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean ekoitzitako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanak jaso du. 600€k-ko saria jaso dute.
Joan den urriaren erditik azaroaren erdira bitartean egin zen Azpeitian, Euskal antzerki Topaketen 39. edizioa. Hilabetan, euskarazko 13 antzezlan taularatu ziren, eta ikus-entzuleek obra bakoitzaren bukaeran emandako botuen bidez,Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana saritu nahi izan dute. Gaurkoan, Eneritz Albizu Euskara Batzordeburua, Erika Olaizola , Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias aktoreak eta Aitor Bereziartua Kulturaz kooperatibako kidea eta Ander ugarte zinegotzia izan dira Dinamoa Sormen gunean egin den sari banaketan.
Eneritz Albizuk aktoreak zoriontzeaz gain, Antzerki Topaketek 40 urte beteko dituztela datorren urtean aipatu du: «Urte guzti horietan euskarazko antzerkigintzak bere lekua hartu du. Baina, aldi berean asko dago egiteko lanbide honi bere balioa eta duintasuna emateko, eta horretarako, gure alea jartzen saiatuko gara».Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra Kulturazek ekoitzitako lana dela ere gogorarazi nahi izan du, eta kooperatibak egiten duen lanak herriko kultur dinamikan duen garrantzia nabarmendu du.Aurtengoan, hiru antzelanen artean lehia izan dela ere azaldu du: «Orohar puntuazio altuak izan dira, baina hiruk oso puntuazio altua lortu dute eta hori antzezlanen maila ona izan delako da».
Gaztañagak, bestalde, aktore taldearen izenean eskerrak emateko aprobetxatu du hitzartzea: «Sorpresaz jaso dugu saria, eta beti da ederra publikoaren saria jasotzea, ikusleak izan direlako obraz gozatu dutenak. Oso eskertuta gaude». Bengoetxeak Kulturazen izenean laguntzeko daudela azaldu du: «Herriko egitura bat da gurea, herritik eta herriarentzako sortutakoa, eta horrelako antzezlanak ahalbidetzea plazer bat da».