Begoñako hilerrian lurperatutako Gerra Zibileko 60 biktimaren gorpuzkiak berreskuratzeko lanak hasi ditu Gogora Institutuak eta Bilboko Udalak bultzatutako Aranzadiko talde batek

0
PRUEBA

Aranzadi Elkarteko arkeologia-talde batek, Gogora Memoriaren Institutuaren eta Bilboko Udalaren babespean, lanak hasi ditu Bilboko Begoñako hilerrian lurperatutako Gerra Zibilean hildakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak. 2003tik dago itxita hilerri hori, eta, gaur egun, Bilboko Udala gorpuzkiak lurpetik ateratzen ari da, gune hori parke publiko bihurtzeko, Begoñako Argia izeneko proiektuaren esparruan. Lehen une honetan, lanak hasi dira Gerra Zibilaren biktimen hilobiak dauden bi eremu edo lurperatze-eremuetako batean, eskuragarri dagoen dokumentazioak dioenaren arabera.

Gaur goizean, Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, bertaratu dira zeregin horien hasierara, eskuragarri dagoen dokumentazioaren arabera leku horretan lurperatuta dauden biktima batzuen senideekin batera. Haiekin batera izan dira José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia; eta Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.

Beatriz Artolazabal sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa Gerra Zibilean desagertutako ahalik eta pertsona gehien berreskuratzeko. «Egia argitzen saiatuko gara, familia guztiek dolua behin betiko itxi ahal izan dezaten», adierazi du.

Gaur, Begoñako hilerrian, zenbait familia izan dira, eta, eskuragarri dagoen dokumentazioaren arabera, haien senideak leku horretan lurperatuta daude, baina, kasu batzuetan, ez da jakinekoa zehazki non dauden.

Bereziki hunkigarria izan da laurogei urteko emakume baten presentzia, bilobarekin batera, aste honetan Gogorako arduradunen ahotik jakin ondoren bere aita 1937ko ekainaren 14an Artxandako batailan hil zela, Bilbo erori baino egun batzuk lehenago, eta lurperatzea Begoñan egin zela, Sopuertako Erregistro Zibileko dokumentazio historikoan agertzen den bezala, nahiz eta bere izena ez den hilerri honetako liburuetan agertzen.

Gogora Institutuak 1936-1945 aldian Gerra Zibilean hildako biktimei buruz bultzatutako ikerketan oinarrituta, 60 pertsonaren gorpuzkiak, zibilak eta gudulariak, lurperatuta daude bertan. Horien artean, zenbait biktimen familiek ez dakite non eta noiz hil ziren. Horregatik, Artolazabal sailburuak dei egin du gerran hildako senideak non dauden ez dakiten familiak Gogorarekin harremanetan jar daitezen.

Memoria historikoari buruzko politika publikoen Euskadiko arduradun nagusiak Gogorarekin harremanetan jartzera animatu ditu Gerrako biktimak hilerri honetan lurperatuta dituztela uste duten beste familia batzuk.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aranzadi Zientzia Elkartea Bilboko Udalaren finantzaketaz egiten ari den Begoñako Argia proiektuari buruz hitz egin du. Ikerketa, dibulgazioa zein memoria historikoari buruzko prestakuntza zientifikoa tarteko dituen proiektu honek Begoña du kokaleku, “zientzia eta ezagutza biltzen dituen proiektu baterako agertokirik egokiena”.

Alkateak eskerrak eman dizkio Aranzadi elkarteari exhumazio-prozesuan egin duen “errespetuz betetako lan zehatzagatik”, baita Eusko Jaurlaritzari eta Gogora Institutuari ere, “demokraziaren ade borrokatu zirenen memoria eta erreparaziorako nahitaezko lanagatik, izan ere, haien oroitzapenaren argiak piztuta iraungo du betiko”.

Begoñako Hilerria 2006an itxi zen, baina 1813tik 2003ra bitartean (urte honetan egin zen azken lurperatzea) jardunean egon zen, eta Memoria Historikoaren ikuspegitik duen garrantziaz gain, balio handiko multzoa du XIX. mende amaierako zein XX. mende hasierako hilerrietako arkitektura aztertzeko.

Artolazabal sailburuak eta Bilboko alkateak proiektu hau ahalbidetzen duen erakundeen arteko lankidetza aipatu dute; Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza eta lankidetza publiko-soziala Gogora Institutuaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmenari esker.

Gerra Zibilean hildako 60 biktima

Erregistro zibiletatik, parrokia-liburuetatik eta hilerriko bertako erregistroetatik ateratako dokumentazioa da Gogoraren datu basean jaso dena, Gerra Zibilean 1936-1945 aldian hildakoen datu-basean, eta publikoarentzako eskuragarri jarrita dagoena. Datu base horretan jasotzen denez, gerran hildako 60 biktima daude Begoñako hilerrian.

Horien artean, borrokalariak eta baita biktima zibilak ere, bonbardaketetan hildakoak, zehazki, 1937ko apirilaren 18an Cotorrueloko babeslekuan izandako bonbardaketan hildako pertsona batzuk hilerri horretan lurperatu zituztela ezagutzen da.