Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako hirugarren Programa aurkeztu du gaur. Programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak egin dute elkarrekin, hainbat erakunde publiko eta pribaturen parte-hartzearekin, eta ezartzen duen helburua da euskal administrazio publikoek egiten dituzten kontratazio eta erosketen % 75 irizpide jasangarriez egitea, ingurumen-inpaktu handiena dutenen kasuan, hamarkadaren amaierarako.
Euskal sektore publikoaren erosketa eta kontratazio nagusiak lehenetsitako 12 kategoriatan sartzen dira, alegia: obra eta azpiegituren zerbitzuak, ehunezko produktuak, energia elektrikoa, ibilgailu astunak, eraikuntza eta urbanizazioa, elikadura, argiteria publikoa, ekipo informatikoak, altzariak, lorezaintza, ibilgailu arinak eta inprimaketarako ekipoak. Kasu horietan, erosten diren 4 produktu edo zerbitzu bakoitzetik 3 Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak jasotzen dituen jasangarritasun-irizpideekin erosi beharko dira.
Programa horren helburua da euskal sektore publiko osora iristea eta atxikitako erakunde publikoen kopurua 150era igotzea; halaber, gutxienez berrogeita hamar enpresa pribaturen atxikipena lortu nahi du. Indarraldiaren amaierarako espero diren emaitzetako batzuk honako hauek izango dira: produktu, obra eta zerbitzu berdeen erosketa eta erabilerari lotutako karbono-isurketak % 26 murriztea; eta euskal erakunde publiko guztien hornidura elektrikoaren % 100 iturri berriztagarrietatik etortzea.
Euskadi, Europako abangoardian
Euskadiko sektore publikoa aurrendaria da Europan, erosketa eta kontratazio publiko berdearen ezarpenari dagokionez, 20 urteko bidea egin baitu alor horretan; orain, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako hirugarren Programa hau bat dator europar politiken lehentasun estrategikoekin, Europako Itun Berdearekin eta euskal ingurumen-politiken lehentasunekin -Euskadiko Itun Berdean definituak-; horren bitartez, Euskadiren bilakaera positiboa azkartu nahi da erosketa berdearen arloan.
Elementu nagusi gisa, Programa berriak euskal enpresa-sektorearen rola eta protagonismoa indartzen ditu, besteak beste produktu eta zerbitzu ekodiseinatuen eskaintza sustatuz. Aldi berean, erosketa berde pribatua ere bultzatu nahi da, merkatuarekin modu koordinatuan arituz, ekintza publiko-pribatuaren onurak hedatzeaz batera, ingurumenaren babesean ez ezik enpresen lehiakortasunean eta Euskadiko pertsonen ongizatean ere eragina izan ditzaten.
Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako Programa berriak 5 jarduera-eremu identifikatzen ditu, eta hortik 10 jarduera-lerro eratortzen dira:
- Erosketa eta kontratazio berdea finkatzea, Euskadiko politikak hedatzeko funtsezko tresna gisa, beraren rola euskal sektore publikoaren esparru politiko eta juridikoan indartuz.
- Aurrera egitea erosketa eta kontratazio publiko berde publiko eta pribatuarekin hartutako konpromisoan, euskal sektore publiko osoaren parte-hartzea bultzatuz eta euskal enpresak sentsibilizatuz eta mobilizatuz.
- Erosketa eta kontratazio berdea erakundeen elementu estruktural eta berrikuntza-elementu bihurtzea, inplementazio sistemiko eta estrategikorako beharrekoak diren baliabideak eskainiz eta prozesuan inplikatutako pertsonal osoa alor horretan profesionalizatuz.
- Kalitatezko merkatu egoki eta prestatu bat izatea, elkarrizketa eta lankidetza berarekin sustatuz, eta enpresa hornitzaileak kontratatzaileen ingurumen-eskariei aurre egiteko prestatuz, batez ere ETEak.
- Erosketa eta kontratazio berdearen aurrerapenak, lorpenak eta onurak bistaratzea, inplementazioa eta emaitzak neurtuz, eta emaitza horiek barne-eremuan, Europan eta nazioartean azalduz eta sustatuz.
Hori guztia bosna urteko bi Ekintza Planetan hedatzen da: epe ertainerako Plan batean (2021-2025), gaur aurkeztutako programan jasoa; eta epe luzerako bigarren Ekintza Plan batean (2026-2030), lehenengoa bukatu ondoren prestatuko dena.
Erosketa berdeak bi hamarkada egin ditu Euskadin
Orain dela bi hamarkada baino gehiago, mundu osoko hainbat herrialdek aitortu zuten ingurumen-narriaduraren eta injustizia sozialaren arrazoi nagusietako bat ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangaitzak zirela. Harrezkero, Euskadi beti egon da garapen ekonomiko eta sozialeko eredu jasangarriagoetara zuzendutako trantsizioaren buruan kokatutako europar lurraldeen artean; horri begira, ingurumen-irizpideak erosketa eta kontratazio publikoan integratzera konprometitua da, modu sendo eta egonkorrean, plangintza estrategikoaren maila guztietan.
2002an, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak irizpide ekologikoz egindako erosketa publikoaren sustapena ezarri zuen helburu gisa, eta Ihobe Sozietate Publikoa baliabideak eta tresnak lantzen hasi zen, helburu hori lortzeari begira. Gainera, enpresa-sektorearekin ere hasi zen lanean, eskainitako produktu eta zerbitzuen ingurumen-kalitatea hobetzeko. Geroago, helburu hori jarduera-lerro gisa sartu zen Euskadiko Ingurumen Esparru Programetan, eta lehentasuna eman zitzaion Gobernu Kontseiluaren 2008ko Erabakiaren ostean, alegia, Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publikoak barne hartzeari buruzko Erabakiaren ostean.
2011n, Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen lehenengo Programa onartu zen, eta horrek “erosketa publikoa” sartu zuen agenda politikoan. Plan horrek lortu zuen, gainera, ingurumen-irizpideak txertatzeko helburu argiak ezartzea; aldi berean, irizpideen definizioarekin jarraitu zen, merkatuarekin koordinatuta, gai horren inguruko prestakuntza indartu zen, eta erakunde publikoei laguntzeko zerbitzu pertsonalizatu bat ezarri zen.
2015 eta 2020 bitartean, jauzi kualitatibo bat egin zen erosketa eta kontratazio publiko berdearen erabileran, bai Europan eta bai Euskadin; izan ere, sostengu-tresna gisa integratu zen Euskadiko garapen jasangarriaren alorreko politika eta estrategia gehienetan, eta produktu, obra eta zerbitzu jakin batzuen erosketa berdera behartzen duten araudiak definitu ziren.
2016an, berriz, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Bigarren Programa onartu zen, 2020rako. Helburua zen euskal administrazio publikoa ingurumen-irizpideak bere erosketa- eta kontratazio-prozesuetan integratzera bultzatzen jarraitzea. Azken programak 35 erakunde publiko baino gehiago bildu ditu, eta emaitza izan da euren erosketen % 46 berdea izatea lortu dutela.
Gainera, Programa saritua izan da mundu mailan, zeren AEBetako Erosketa Jasangarriaren Lidergo Kontseiluak (Sostenible (Sustainable Purchasing Leadership Council-SPLC) ematen duen “Erosketa Jasangarrien Lidergoaren 2020ko Sari” nagusia lortu baitzuen. Eusko Jaurlaritza onena izan zen Administrazio Publikoaren kategorian, iazko edizioan, eta horrek aintzatetsi zuen euskal administrazio publiko osoak bere erosketak ingurumen-irizpideez egitearen alde egindako lana.
Orain, 2030era arte iraungo duen etapa bat hasten da, eta horri begira Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa berri honek erronka berriak hartzen ditu bere gain, euskal ekonomia- eta ingurumen-politikaren koherentzia segurtatuz lehentasunezko hiru eremuetan -ekonomia zirkularra, klima-aldaketa, eta ingurune naturala eta biodibertsitatea-, erosketa eta kontratazio publiko berdearen ezarpena finkatzeaz batera; gainera, nobedade nagusi gisa, enpresa-sektorea mobilizatzen du berak ere irtenbide jasangarriak eskaini ditzan, ingurumen-errendimendu handiagoa lehiakortasun handiagoarekin uztartuz.
Ihobe, Idazkaritza Teknikoa
Ihobe Sozietate Publikoak jarraituko du Programaren idazkaritza teknikoaz arduratzen, eta honako zerbitzu hauek eskainiko ditu, besteak beste: aholkua eta sostengua atxikitako erakundeen lizitazioetan; prestakuntza, bai enpresa hornitzaileei eta bai erosketa-sailetako arduradunei; eta ETEentzako sostengua, euren lehiakortasuna merkatu horretan indartu ahal izan dezaten.
Halaber, aurreikusita dago erosketa berdearen irizpideak 3 urtetik behin berraztertzea eta eguneratzea, euskal lehentasunekin lerrokatzeko, eta urtean behin foro bat egiteko asmoa dago, jardunbide egokienak aitortzeko eta esperientziak konpartitzeko.