Gobernu Kontseiluak Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundearen 900.000 euroko diru-laguntzen bi deialdi onartu ditu gaur. Alde batetik, irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioei eta emakumeen eta gizonen berdintasuna helburu eta jardun-eremu bakarra duten fundazioei zuzendutako diru-laguntzak onartu dira (400.000 euro). Honen bidez diruz laguntzen diren proiektuek ikuspegi feminista eta intersekzionala izan beharko dute, eta honako helburu hauek izango dituzte, besteak beste: emakumeen eskubideak hedatzea, emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten partaidetza-prozesuak sustatzea, sareko truke-prozesuak, prestakuntza eta sentsibilizazioa, eta erantzukidetasuna eta kontziliazioa sustatzea.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri, koadrila eta mankomunitateei zuzendutako diru-laguntza onartu da, emakumeen eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta/edo planak egin eta ebaluatzeko (500.000 euro). Toki-erakundeentzako diru-laguntza honen helburua da plan eta diagnostiko horiek egiteko behar duten laguntza teknikoa ematea.