Eusko Jaurlaritzak ia milioi bat euroko deialdia onartu du arte eszenikoen eta musikaren arloko azpiegituren modernizazioa finantzatzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du arte eszenikoen edo musikaren lanbide-jarduera garatzen den azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrira bideratutako inbertsio-proiektuen finantziazioa. Guztira 978.349,91 euroko deialdia izango da.

Gaur onartutako deialdiaren helburua Euskadiko kultura-industrien lehiakortasuna indartzea, eta kultura-ekoizpenaren eskaintza hobetzea da, gero eta erakargarriagoa izan dadin euskal gizartearentzat berarentzat, eta, aldi berean, lehiakorragoa nazioartean.

Diruz lagunduko diren proiektuetako inbertsioek helburu hauek bete beharko dituzte:

  • Ingurumen-eraldaketa.
  • Eraldaketa digitala.
  • Kudeaketa hobetzea.

Dirulaguntzak egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak, publikoek edo pribatuek jaso ahal izango dituzte beti ere arte eszenikoen eta musikaren ekoizpen edo programazio profesionalaren eremuetan ohiko jarduerak garatzen badituzte.

Bestalde, diruz lagunduko diren azpiegiturek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Honako eremu hauetako batean edo gehiagotan jarduera izatea egiaztatu beharko dute:
    • Zuzeneko arteen erakusketa: antzokiak, auditoriumak, zirko-karpak eta musika-aretoak.
    • Saiakuntza eta ekoizpen eszenikoa: antzerkia, dantza, zirkua eta diziplina anitzak. Zuzeneko musika-ekoizpen eta/edo entsegu-aretoak.
    • Aipatutako kategorietakoren batean urteko jardueraren % 50etik gorako erabilera profesionala.
  2. Inbertsio proiektu guztiek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa eta etiketatze klimatikoaren eta digitalaren baldintza errespetatu beharko dituzte.

Proiektuen balorazioa bi multzotan burutuko da: batetik, 10.000 biztanletik gorako herrietan kokatutako erakunde publikoen egitasmoak; eta bestetik 10.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako erakunde publikoenak zein pribatuenak. Gainera, proiektu bakoitzari, gehienez, 250.000 euroko laguntza emango zaio. Inbertsioak %80ra arte lagundu ahal izango dira diruz. Titular bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du abenduaren 30ean hasi eta hilabeteko epean.

Next Generation EU

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko helburua dute Next Generation EU funtsek. Aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Helburu hori lortzeko neurriak sei zutabetan daude egituratua, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

Europar Batasunak berak adierazitakoa da, kultura- eta sormen-sektoreek zeregin garrantzitsua izan dezaketela susperraldi iraunkorra bermatzeko orduan, beren jardueren izaera dela eta: hazkunde azkarrekoak eta jabetza intelektualetik eta sormenetik eratorritako balio ekonomikoa dutenak. Hala ere, aldi berean onartzen da Covid-19aren krisian ezarritako gizarte-harremanetarako murrizketek ondorio ekonomiko bereziki negatiboak izan dituztela. Kulturari dagokionez bereziki zuzeneko jarduera izan da kaltetuena: arte eszenikoak eta musika, batez ere.