Bizkaiko Foru Aldundiko errepideak kontserbatzeko zerbitzuek eta suhiltzaileek 82 jarduketa egin dituzte atzo eta gaur goizeko 8ak arte euri-denboralearen ondorioz.
Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren jarduketa gehienak (31) atzo pilatu ziren. Jarduketa horien artean nabarmentzekoa da etxera itzultzen ari zirenean Gernikan autobus batean harrapatuta geratu ziren 21 gazte erreskatatu zituztela, eta tartean animaliak ere izan zituzten bi erreskate egin zituztela.
Gauean zehar eta gaur goizera arte 11 aldiz esku hartu behar izan dute foru suhiltzaileek. Otxandioko adinekoen egoitzan, boluntario talde batekin batera, urari eusteko egindako lanak izan dira gaueko gauzarik aipagarriena; jarduketa horretan zakuak eta kontratxapak jarri behar izan dituzte ura eraikinean sar ez zedin, azkenean lortu dena. Gainera zerbitzu horretako langileek 5 zuhaitz kendu dituzte Ispasterren, Erandion, Kortezubin, Portugaleten eta Plentzian, eta Urdulizen, Sopelan eta Santurtzin fatxada batzuetan egituren hiru saneatze-jarduketa egin dituzte, baita xukatze bat Durangon ere.
Suhiltzaileak eta errepideetako taldeak eta kontserbazio-taldeak lanean ari dira une honetan Trabakuan izandako luizi batean. Talde horiek, halaber, azken 24 orduetan denboralearen ondorioz izandako 40 gorabehera ingurutan jardun dute. Gorabehera horietako bat ere ez da larria izan. Gehienak luizi txikien ondoriozko garbiketa-lanak, ur-putzuak garbitzea eta zuhaitzak eta galtzadatik objektuak kentzea izan dira.
Era berean, pista eta baso-bide batzuetan luiziak gertatu dira batez ere Enkarterrin, Arratian eta Durangaldean, eta Baso Zerbitzua horiek guztiak ebaluatzen ari da.