Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur eta bihar argitaratuko ditu 2018-2019ko EPEren oinarri orokorrak, bai eta deialdiaren bi faseetako lehen fase hori osatuko duten kategorien oinarri espezifikoak ere. Lehen fase honetako eskabideak aurkezteko epea datorren urtarrilaren 25ean hasiko da, eta otsailaren 24ko 14:00ak arte egongo da zabalik. Osakidetzak, web-orrian, informazio guztia kontsultatu ahal izateko atal bat gaitu du, hala nola honako informazio hau kontsultatzeko: kategoria bakoitzeko gai-zerrenda orokorra eta berezia eta bibliografia: https://www.osakidetza.euskadi.eus/profesionalak/-/enplegu-publikorako-eskaintza/
Lehen deialdi honetan, 1.611 plaza eskainiko dira, 19 kategoriatarako, guztira:
- ESP. FAMILIAKO MEDIKUA – LMT
- ESP. PEDIATRIAKO MEDIKUA – LMT
- ERIZAINA
- LAN-OSASUNEKO ERIZAINA
- OSASUN MENTALEKO ERIZAINA
- FISIOTERAPEUTA
- EMAGINA
- OPTIKA ETA OPTOMETRIAKO DIPLOMATUA
- LOGOPEDIAKO DIPLOMATUA
- TERAPEUTA OKUPAZIONALA
- GIZARTE-LANGILEA
- ANATOMIA PATOLOGIKOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- AUDIOPROTESIKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- DIETETIKAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- OSASUN-DOKUMENTAZIOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- LABORATEGIKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- ERRADIODIAGNOSTIKOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- ERRADIOTERAPIAKO TEKNIKARI ESPEZIALISTA
- ADMINISTRARIA
Deialdi honetan eskaintzen diren plazen artean, Lehen Mailako Arreta sendotzera bideratutakoak daude, eta hala dira Familia Medikuntzako 322 plazak eta Pediatriako 62 plazak. LEPek aukera emango du plantillak finkatzeko eta sare horretan eta osasun-sistema osoan egonkortasun handiagoa emateko.
Aurretik iragarri zen bezala, 2018-2019ko LEPa bi fasetan egingo da: lehen deialdia orain izango da, abenduan, eta 1.611 plaza horiek aterako dira; bigarrena, 2022ko udan izango da, eta gainerako kategoria guztiak egingo dira orduan. Guztira, bi faseen artean, 3.535 plaza eskainiko dira.
Lehen deialdi honetako azterketak maiatza eta uztaila bitartean izango dira, aurreikuspenak betetzen badira, baina, laster, probak egiteko lekuari, egunari eta orduari buruzko informazio gehiago emango da.
GARDENA ETA BERMEEKIN
Osakidetzak gogorarazten du 2018/2019ko LEPek berme guztiak izango dituela, profesional onenak aukeratu eta talentua erakartzeko, berdintasuneko, merezimenduko, gaitasuneko, objektibotasuneko, inpartzialtasuneko, gardentasuneko, arintasuneko eta fidagarritasuneko printzipioei jarraikiz. Hori da helburu nagusia.
Horretarako, zenbait neurri ezarriko dira, hala nola epaimahaiak zozketa bidez hautatzea, haietako kide kopurua murriztea eta jokabide-kode bat onartzea. Azterketak egiteari dagokionez, nabarmendu behar da epaimahaikideek eskuliburu bat izango dutela, epaimahai bakoitzak erabaki ahalko duela probak egiteko erantzukizuna onartzen ote duen edo eginkizun hori gaian esperientzia duen kanpoko instantzia bati esleitzen ote dion; zati praktikoa prestatzea pertsona bakar baten esku ez dela geratuko, eta ausazko elementu bat sartzea aurreikusten dela, hautaketa-prozesuan parte hartzen duen inork probaren amaierako edukiaren berri izan ezin duela ziurtatzeko.