Erronka demografikorako 2030 euskal estrategiaren proposamena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

2021. urtearen hasieratik, Lehendakaritzak, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, gai demografikoari buruzko hausnarketa-prozesu bat bultzatu du, sailen artean, Eusko Jaurlaritzaren barruan, eta erakundeen artean, Foru Aldundiekin. Helburua erronka demografikorako 2030 euskal estrategia baten edukiak definitzea izan da.

Sortutako dokumentazioa lau koadernotan egituratuta dago: I. Esparru orokorra; II. Balantzea; III. Jarduketa-plana; eta IV. Laburpena. “Lan dokumentuak” dira. Kalifikazio horrek adierazten du oraindik ez direla behin betikoak. Hala ere, erakundeen artean onartutako oinarria dira azken onarpen-faseari ekiteko.

Atzo, abenduak 14, asteartea, dokumentazioa Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako gobernu-kontseiluetan aurkeztu zen, jakinaren gainean egon daitezen. Ondoren, lau dokumentuak Eusko Legebiltzarrera eta EUDELera bidaliko dira. 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra, ekarpenak jasotzeko aldi bat irekiko da “IV. Lan dokumentua. Laburpena” dokumentuaren inguruan, Adostasunerako oinarri-proposamen gisa eratzen den heinean.

Apirilean eta maiatzean, balorazio-prozesuari ekingo zaio, eta jasotako ekarpenak sartuko dira. Helburua da 2022ko ekainean euskal estrategia honek behin betiko onarpena izatea eta, horrela, 2023ko aurrekontuetan isla izatea.

Prozesu honetan, batetik, dagoeneko martxan dauden eta horietan sakontzea beharrezkoa den ekimenak; eta, bestetik, hemendik aurrera artikulatu behar direnak identifikatzen saiatu gara. Ekimen berrien artean, honako lau proposamen hauek aurkezten dira:

  • I. Proposamena. Ardurapeko seme-alaba bakoitzeko laguntzen eredua birmoldatzea eta zenbatekoa handitzea. Familiek jasotzen dituzten estimuluak birkonfiguratu, bateratu eta igoko dituen laguntza bat planteatzen da, progresio-ikuspegiarekin, 2023tik 2030era arte. Aztertzen ari dira laguntzak zein adinetara arte mantenduko liratekeen, horien kuantifikazioa, finantzaketa eta erregulazio-irizpideak. Hori guztia 2023an abian jartzeko helburuarekin.

Neurri horren finantzaketari buruzko balorazioa Zerga Koordinaziorako Organoaren lantalde batean egingo da. Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Planean dago aurreikusita hori sortzea, eta “ardurapeko seme-alabengatiko prestazioak eta ondorengoengatiko zerga-kenkariak modu integratuan kudeatzeko aukerak aztertzera” bideratzen da.

  • II. proposamena. Interesik gabeko maileguen eta epe luzerako itzulketen programa bat sortzea ekintzailetzako, prestakuntzako edo gazteentzako etxebizitzako proiektuetarako. Landa-inguruneko proiektuetarako, maileguaren zati bat itzuli beharrik gabeko diru-laguntza izango litzateke. Programak hartuko lukeen adina, kuantifikazioa eta erregulazioa aztertzen ari dira. Edonola ere, lehen 4 urteetan, programa irekita egongo litzateke aurrekontua agortu arte. Aurreikuspen horrek aukera emango du inpaktua ebaluatzeko eta etorkizuneko dimentsionamendua doitzeko.
  • III. proposamena. 0-2 urteko haur-eskolen doakotasuna bermatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-baliabideak antolatzea, kontziliazioa indartzeko neurri gisa.
  • IV. proposamena. Xedapen orokorrak egiteko prozedura ezartzen duen araudia (8/2003 Legea) aldatzea, ikuspegi demografikoa kontuan har dadin arauak, estrategiak, planak edo inbertsio-programak egitean.

Estrategiak, gainera, abian dauden jarduerak indartzen dituzten 21 ekimen biltzen ditu. Nabarmentzekoak dira gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzea helburu duten ildoak, gazteen enpleguaren talka-plan bat, edo kontziliazio erantzukiderako politikak indartzea helburu dutenak.

Ekimen-multzo hau lau ardatzetan egituratzen da: I. Gazteen emantzipaziorako laguntza; II. Familien proiektuak eraikitzen laguntzea; III. Adinekoen bizitza autonomoa eta osoa sustatzea; eta IV. Migrazioaren gizarteratzea bultzatzeko politikak. 21 ekimen horietatik, hiruk zeharkako izaera dute: landa-balioa handitzea; prospekzioa, dibulgazioa eta komunikazioa; eta aurrekontua.

Azken batean, estrategia horrek ikuspegi integrala du, eta etxebizitzaren, enpleguaren, hezkuntzaren, osasunaren, gizarte-osasunaren eta gizarte-prestazioen arloko politikak barne hartzen ditu. Hori guztia hiri- eta landa-dimentsio bikoitzarekin, epe labur eta ertaineko ekimenen bidez eta lau sektoreen lankidetzarekin: publikoa, pribatua, soziala eta familia-komunitarioa.

Lehenengo helburua da datozen urteetan joera negatiboa aldatzea, bai emantzipatzeko adinean, bai jaiotza-tasetan, susperraldi demografiko batera igarotzeko. Bigarrena da joera-aldaketa hori eta hura bultzatzen duten jarduerak iraunkorrak eta jasangarriak izatea ibilbide luzean ere.

Estrategia eta jarduera guztiak genero-ikuspegiak zeharkatzen dituzte. Helburua da pertsonek, hala aukeratzen badute, amatasuna/aitatasuna eta beren bizi-proiektuaren beste alderdi batzuk aldi berean izatea eta nahi duten seme-alaba kopurua izatea ahalbidetuko duten baldintzak sortzea, hala nahi dutenean.

Estrategia familia-egiturak murgilduta dauden aldaketa-prozesu sakona aitortzetik abiatzen da. Familia-aniztasun horren babesa, tratu-berdintasuna eta pertsonen eta familien diskriminaziorik eza sustatzen ditu.