2021eko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu du Tokiko Gobernu batzordeak eta, hala, udal plantillako 57 lanpostutara jotzeko bidea izango da.
57 plaza horietatik 16 barne-sustapenekoak dira. Txanda librekoak, berriz, 41 izango dira, eta aurkezteko baldintzak betetzen dituen edozein pertsona aurkeztu daiteke horietara:
- Suhiltzaile ofizial 1
- 5 arkitekto tekniko
- Desgaitasun intelektuala duten langileentzat gordetako langile plaza 1
- 34 administrari plaza
Horrela, orain den administrarien deialdia 97 plazara handituko da. 97 plaza horietako 7 desgaitasunen bat dutenentzako gordeta daude.
Prozesuetan parte hartzeko izena ematea Udalaren web-orriko enplegu atarian eta udaletxean bertan egin ahalko dira. Abian jartzen diren hautaketa-prozesuen gaineko abisuak jasotzeko aukera ere badago, zerbitzu horretan alta emanda web-orri horretan bertan.
Hautaketa-prozesua gainditu eta plazarik lortzen ez duten izangaiak ordezkapen-zerrenda batean geratuko dira, hutsik geratzen diren lanpostuak edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan-poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere uzten zaizkie batzuetan, langile batzuk hartu behar dituztela eta eskatu egiten dituzte eta.
Maria Inmaculada aparkalekua
Tokiko Gobernu Batzordeak lizentzia eman dio Bi Berri Donosti SLri 320 tokiko aparkalekua egiteko (93 ireki eta 227 itxi) Ategorrieta hiribideko 14. zenbakian (Maria Inmaculada) lurpean. Bi urte izango dituzte obrak bukatzeko.
Jolastokietako igogailua
Tokiko Gobernu Batzordeak Jolastokietan igogailua jartzeko obrak hartzeko espedientea ere onartu du. Lizitazioaren aurrekontua 458.063 euro da, eta 8 hilabete obrak egiteko epea.
Egin beharreko obra da
- igogailu panoramikoa jartzeko egitura egitea
- igogailuaren beheko aldetik Txirrita Bertsolariaren pasealekuko espaloiraino oinez joateko ibilbidea egiteko urbanizazioa egitea (kale horretan den garajerako sarbidea errespetatu baina oinezkoentzako izaera emanez kaleari, oinezkoek lehentasuna izateko)
- eta obrek eragindako tokiak berrurbanizatzea.
LED argiak jartzea eskola batzuetan
Tokiko Gobernu Batzordeak 17 ikastetxetan diren fluoreszenteak kendu eta haien ordez LEDak jartzeko proiektua onartu du; 186.139 euroren aurrekontua izango da horretarako.
Proiektu horren helburua energia aurreztea da, kontsumo eraginkorragoa, iraunkorragoa eta, aldi berean, ahalik eta merkeena eginda, eta inbertsioa optimizatzea horrela.
Udaltzaingoa
Udaltzaingorako bost patruila-ibilgailu elektriko renting-ean hartzeko espedientea onartu du Gobernu Batzordeak. Urteko lizitazio-aurrekontua 69.696 euro da, eta kontratua egin eta 90 egun baino lehen entregatu behar dira ibilgailuak.
Udaltzainentzako balen aurkako txalekoak hartzeko espedientea ere onartu du Gobernu Batzordeak. Gehienez ere 160.000 euroren aurrekontua izatea dago jota horretarako.
Segurtasun zoladurak
Tokiko Gobernu Batzordeak hiriko zenbait puntutan diren segurtasun zoladurak berritzeko obra proiektua onartu du. Denera 97.888 euroren aurrekontua izango da horretarako.
Haur parkeetako zoladurak berrituko dituzte, erabilera handia izan duten parkeetakoak. Aire zabaleko instalazioak dira eta agente klimatikoen eraginpean izan dira. Hamar urte baino gehiago ere badituzte, izan, segurtasun zoladura horiek, eta hori ere bada berritu behar izateko beste arrazoi bat.
Proiektuak 3 sorta ditu:
- 1. sorta: Miramon – Kutxagunea
- 2. sorta: Atotxaerreka, Pío Baroja
- 3. sorta: Maritxu Guler, Altza 12-14, Frantsesaren bidea, Jose Elosegi
Otorduak II
Tokiko Gobernu Batzordeak dirulaguntza deialdi bat onartu du, etxerik gabeko pertsonek ostalaritza-zentroetara joateko modua izateko 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arte.
Era berean, deialdi hori arautuko duten oinarriak ere onartu ditu. Horiekin batera, laguntza ekonomiko horiek izango dituzten ostalaritza-zentro laguntzaileak hautatzeko prozeduraren oinarriak ere onartu ditu, eta 285.120 euroren gastua ere bai etxerik gabeko pertsonak ostalaritza-zentroetara joateko dirulaguntzetarako.
2021ean 58 erabiltzaile izan ditu zerbitzuak, 15 taberna desberdinetan. Une honetan 43 aktibo daude eta 5 plaza libre daude.
Goizaldiak
Tokiko Gobernu Batzordeak adineko pertsona zaurgarrientzako eguneko arreta-zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du (GOIZALDIAK). Urteko aurrekontua gehienez ere 129.192 euro izatea jo dute, eta 2 urte izatea zerbitzua emateko epea, gehienez ere beste 2 urtez luzatzeko moduarekin (aldiko urtebeteko luzapenak).
Zubieta 3ko eraikina
Tokiko Gobernu Batzordeak Zubieta kaleko 3.eko eraikina erabat eraberritu, altxatu eta hotela eta etxebizitzak jartzeko lizentzia aldatzea onartu du. Hirugarren sektoreko hotel erabilera izan beharrean, apartamentu turistikotarako erabilera izatea eta eraikitako eraikigarritasuna handitzea da aldaketa.
HAPO
Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki du Estudio de renovación y desarrollos urbanos SL, Jornet Llop Pastor SLP eta Ekain Abokatuak SA enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea dokumentu hauek egiteko zerbitzu kontratua: informazio eta diagnostiko dokumentuak eta Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapena eta hasierako dokumentu estrategikoa. Kontratuaren prezioa 774.400 euro da, eta 18 hilabete lana egiteko epea.