Eusko Jaurlaritzak aplikazio orokorra izango duten neurriak espero ditu Presidenteen Konferentziatik

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beste 2 milioi izendatu ditu Euskadi Bono Dendaren bigarren faserako, lehenengoak izandako arrakasta ikusita
  • Eusko Jaurlaritzak 2021erako 4.000 lanpostu inguruko lan eskaintza publikoa onartu du, eta 2022an egonkortze prozesuei hasiera ematea planteatu du
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kirol munduari zuzendutako hainbat diru-laguntzen berri eman du

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari bihar egingo den Presidenteen Konferentziari buruz galdetuta, bilera horretatik Estatu osorako aplikazio orokorra izango duten neurriak espero dituela esan du. Bingen Zupiriak azpimarratu duenez, txertaketaren ehunekoa handia den arren, hogeita bi hilabete hauetan ezagutu ez ditugun intzidentzia-tasekin bizitzen ari gara, eta horrek eragina du ospitaleko presioan eta lehen mailako arretan. Errealitate horrek Euskadiri bakarrik eragiten ez diolarik, Eusko Jaurlaritzak adierazi du beharrezkoa dela Estatu osorako komunak diren erabakiak hartzea.

Euskadi Bono Denda

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2021eko irailaren 20ko agindua aldatzea Euskadi Bono Dendari dagokionez. Agindu horren arabera, 2 milioi euro gehiago bideratuko dira merkataritza-bonura, eta, azkenean, 7,1 milioi inbertituko dira merkataritza-bonuaren edizio honetarako; 6,6 milioi Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarriko ditu, eta gainerakoa, berriz, atxikitako udalek.

Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, Euskadi Bono Dendaren helburua da gertuko merkataritzako kontsumoa sustatzea tokiko kontsumoa bultzatzeko bonuen bidez. 2020ko edizioak izan zuen harrera ona ikusita, Sailak bigarren deialdi bat egitea erabaki zuen.

Horrela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Bono Dendaren Euskadiko lehen fasea arrakastatsutzat jo du, bonuen % 88 kontsumitu baitira. Euskadi Bono Dendaren bigarren fasea urtarrilaren 10ean hasiko litzateke, 580.000 eurorekin, eta “Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik erabaki dugu bigarren fase horretako zenbatekoari beste 2 milioi gehitzea. Horrenbestez, bigarren fase hori 2,5 milioirekin abiatuko da, eta 258.000 deskontu-bonu izango dira Euskadiko merkataritza eta zerbitzu establezimenduetarako. Gaur onartu diren beste 2 milioi horiekin, Euskadi Bono Dendak guztira 7,1 milioi euro izango ditu bi faseetan”.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak 2021erako 4.000 lanpostu inguruko enplegu publikoaren eskaintza onartu du gaur, eta 2022rako egonkortze-prozesuak planifikatzen jarri da. Zupiriak azaldu duenez, Administrazio Orokorrean 435 lanpostu eskainiko dira aurten eta Hezkuntza Administrazioan 1.856 plaza. Ertzaintzarako eta Osakidetzarako eskainitakoak (Ertzaintzarako 424 eta Osakidetzarako 1.273) Berpiztu programaren barruan sartu dira oraingoan. “Apurka-apurka, Jaurlaritzak behin-behinekotasuna murrizteko hartutako konpromisoa betetzen ari da eta datorren urtean zehar Euskal Administrazioko sektoreak hainbat egonkortze-prozesu gauzatzen joango dira”, adierazi du.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak akordioa sinatu du, Santurtziko Udalari 3,42 milioiko zuzeneko dirulaguntza bat emateko, Aurora Vildosola auzoan hiri-berroneratzerako proiektu bat abian jartzeko.

Kultura arloan, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Bilboko Arte Ederren Museoaren Fundazioari 12.610.000 euroko urte anitzeko dirulaguntza ematea, “Bilboko Arte Ederren Museoa Handitzea eta berritzea” proiektua finantzatzeko, 2021-2036 epealdian.

Halaber, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kirol munduari zuzendutako hainbat diru-laguntzen berri eman du. Alde batetik, Gobernu Kontseiluak Euskal Eskubaloi Federazioarentzat 38.000 euroko dirulaguntza onartu du “Basque Country Cup” finantzatzeko helburuarekin. Bestalde Gobernu Kontseiluak Soka Getxo Elkartearentzat 52.500 euroko dirulaguntza bat ere onartu du, Getxon ospatu zen Munduko Sokatira Txapelketaren finantzazioan laguntzeko helburuarekin. Azkenik, Gobernu Kontseiluak  Euskal Halterofilia Federazioarentzat beste 15.000 euroko dirulaguntza bat onartu du nazioarteko txapelketetan Halterofiliako Euskal Selekzioaren partaidetza-gastuak finantzatzeko.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du. Halaber, txertaketa prozesuaren beri eman du sailburuak.

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin duen eraginaren datu eguneratuak eman ditu, eta pandemiaren bilakaera txarra dela adierazi du. Atzo 2.711 kutsatu zenbatu ziren, 14 egunetan metatutako intzidentzia 1.245,53 kasutan dago; ospitaleratzeak igo egin dira plantan COVID duten 290 pertsona daudelarik, eta ZIUn dauden pertsonak ere igo egin dira, 101 pertsona daudelarik.

Gainera, sailburuak txertaketa-prozesuaren berri eman du, hau da “birusari aurre egiteko tresnarik onena”. Euskadin, biztanleriaren % 92k dosi bat du gutxienez, eta % 91k jarraibide osoa; eta 60 urtetik gorakoen ia % 80k errefortzu-dosia du. Halaber, 12 urtetik beherakoen % 8k txertoa du. “Astebete baino ez da igaro txertaketa martxan jarri zenetik, eta 15.300 haur inguruk jaso dute txertoa”, adierazi du. Gainera, atzo bertan 8 urteko haurrentzat hitzordua hartzeko aukera zabaldu zen eta adin horretako % 25ek hitzordua dute: 4.962 hitzordu ordu gutxitan.

Osasun sailburuak gaineratu du Osakidetza 59 urtetik beherakoei txertoa jartzen hasi dela agendetan lekua egon den unean, eta iragarri du gaur arratsaldean 55 eta 59 urte bitarteko pertsonei aukera emango zaiela Osakidetzaren web atariaren bidez errefortzu-txertoa jasotzeko hitzordua hartzeko. Aldi berean, Astrazenecaren bi txertoak jaso zituztenek ere hitzordua hartu ahal izango dute Osakidetzaren webgunearen bidez, gaurtik aurrera. Sagarduik azpimarratu duenez, txertoa jarri ez duen edonork hitzordua jar dezake webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta.

 Gai-zerrenda

Prentsa-txostena