Eusko Jaurlaritzak Goe, Gastronomy Open Ecosystem ikerketa-proiektua sortzen lagunduko du. Proiektu horrek Euskadi munduko erreferentziazko ekosistema gastronomiko gisa kokatzea du helburu. Ekintza hori euskal gastronomia sustatzeko eta garatzeko politikaren barruan kokatzen da, eta ezagutza-trukea eta baterako sorkuntza sustatzen ditu.
Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi duen 500.000 euroko laguntza GOe, ikasleen eta ekintzaileen talentua prestatzeko zentro bakarra, martxan jartzeko da, sormena, berrikuntza eta garapena sustatzeko lekua, gastronomiaren balio-kate osorako irtenbideak eskainiko dituena.
GOe, Gastronomy Open Ecosystem
Berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritutako gune berria, GOe izenekoa, Basque Culinary Centerrek gidatuko du. Nazioarteko ikuspegiarekin, talentua erakartzeak eta prestakuntza aurreratuak osatuko dute bere jarduera-ardatz nagusia. Aurrez aurreko jarduera eta jarduera digitala uztartuko dituen gune bat, ikasleak, ekintzaileak, ikertzaileak eta enpresak bultzatzeko, elkartzeko, batera sortzeko eta gaitzeko itsasargi gisa jardungo duen komunitate birtual baten bidez. Ikerketarako eta elkarrizketarako gune bat, talentuaren trebakuntza espezializatuan oinarritua, non, ekosistema gastronomikoko eragileen arteko lankidetzaren bidez, etorkizuneko gizarteak eskatzen dituen erronkei erantzuna emango zaien.
Ekimen hau The Food Global Ecosystem proiektu publiko pribatuaren barruan kokatzen da, eta enpresak, berrikuntza-proiektuak, talentu ekintzailea eta startupak Euskadira erakartzeko balioko du, baita proiektuak nekazaritzako elikagaien esparru gero eta handiagoan eskalatzeko ere, alderdi teknologikoan (agritech, foodtech, eta gastronomytech).
60 enpresa baino gehiago dituen ekosistemak Euskadiko elikagaien katea ikertu, berritu eta digitalizatzen laguntzeko aktiboen eta zerbitzuen sarea du; hala nola, HAZI, ekimenaren eragile biltzaile eta katalizatzaile nagusia, NEIKER, nekazaritza arloko proiektuen ikerketa-zentroa, AZTI, elikagaien eta teknologiako ikerketa- eta sorkuntza-proiektu handien eragilea, eta Basque Culinary Center, talentua erakartzeko eragile nagusia, elikagaien arloko ekintzaileak eta ekosistema nazioartekotzeko tresna.
Era berean, ekosistemak Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen laguntza du. Sare horren helburuetako bat da proiektu estrategikoak eta eraldatzaileak sustatzea, hala nola orain finantzatzen dena, berrikuntzaren eta sektorearen negozio-ideia berriak sortzearen arloetan nazioarteko proiektuak garatzeko.
Horrela, proiektu hau babestea beste urrats bat da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren politikaren barruan, nekazaritzako elikagaien balio-katearen aukerak ahalik eta gehien garatzeko, ekoizpenetik hasi eta gastronomiaraino.