Udan gertatzen den bezala, osasun-zentroek, Gabonetan, ordutegiak egokitu ahalko dituzte, Lehen Mailako Arretako profesionalen atsedena bermatzeko. Neurri hori baliabide publikoen jasangarritasunean eta erabilera eraginkorrean oinarritzen da. Zabalik egoteko ordutegitik kanpo, osasun-asistentzia Osakidetzan bermatuta egongo da Etengabeko Arreta Guneetan.
Hala egitea hautatzen duten osasun-zentroen kasuan, oro har, arreta emateko ordutegia honako hau izango da: 08:00etatik 17:00etara. Salbuespen-kasuetan baino ezingo dute arretarako ordutegia 15:00ak arte mugatu. Ordutegiaren egokitzapen hori, gehienez, urtarrilaren 10era arte luzatu ahalko da.
Datozen egunotan ordutegien aldetik egon daitekeen aldakortasuna dela eta –kontuan hartu behar da zentro batzuek ordutegiak Gabonetako egun guztietan egokituko dituztela, beste batzuek egun zehatz batzuetan baino ez eta beste batzuek egun batean ere ez–, herritarrek informazio-kartelen bidez jaso dezakete informazioa; kartel horiek erreferentziazko osasun-zentroaren kanpoaldean jarriko dira eta, baserrialdeen kasuan, udaletan ere bai.
Osakidetzak gogorarazten du herritarrek aurretiko hitzordua eskatu ahalko dutela web-orriaren bidez –www.osakidetza.eus–; bertan, zehatz adierazita daude hartzeko dauden egun eta orduak. Nahiz eta aukera hori lehentasunezkotzat jotzen den, behar izanez gero zuzenean deitu ahalko da osasun-zentrora.