Zarauzko Udaleko Kooperazio arloak 9.000 euroko dirulaguntza eman dio SAHARAUTZ elkarteari Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten larrialdi humanitarioari aurre egiteko.
“Urteak daramatzagu Maroko eta Sahararen arteko auziak dakartzan ondorioak ikusten” adierazi du Patxi Elola, Udaleko Kooperazio zinegotziak. “Gainera, azken bi urte hauetan, kanpamendu hauetan bizi den egoerari COVID-19ak ekarritako zailtasunak ere gehitu behar zaizkio”.
“Egoera honen aurrean ezin gara geldi geratu eta errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren pertsona horiei gure laguntza eta gertutasuna helarazi nahi dizkiegu” gaineratu du Elolak.
Horregatik, Zarauzko Udalak ez dio Saharako herriari egoera zail honetan bizkarra eman nahi eta SAHARAUTZ elkartearen bitartez laguntza humanitario bidaliko du kanpamenduetara: horrela, Udalak 9.000,00 euroko dirulaguntza eman dio Saharautzi mota askotariko elikagaiak eta garbitasun gaiak erosi eta kanpamenduetara garraiatzeko.