Bilboko Udala “InfoBilbao”, udal informazio-buletinaren ale berri bat banatzen hasiko da aste honetan, adinekoekin lagunkoiagoa, parte-hartzaileagoa, inklusiboagoa, osasungarriagoa, seguruagoa eta iraunkorragoa den hiri-eredua lortu eta adinekoen bizi-kalitatea erraztu eta hobetzea xede duen “Bilbo, Adinekoen Lagun” III. Udal Planaren berri emateko.
InfoBilbao berri honen 150.000 ale banatuko ditu guztira, etxez etxe postontzietan sartuta eta udal zentro eta ekipamenduen sarearen bitartez (Udaltegiak, kiroldegiak, liburutegiak…). PDF formatuan ere eskura daiteke bilbao.eus webguneko “Udalaren argitalpenak” atalean.
“Bilbo, Adinekoen Lagun” III. Udal Planak erantzun egokiak eman nahi dizkie adineko bilbotarren beharrei eta itxaropenei –Uriko biztanleriaren herena dira–, garapen-planetan parte hartzeko aukera erraztuz, politika publiko guztietan adinaren ikuspegia txertatuz eta adinekoak beharrizan eta proposamenen identifikazioan inplikatuz.
“Bilbo, Adinekoen Lagun” III. Udal Plana, adineko boluntario-talde baten lankidetza aktiboaz landutakoa, 2024ra arte egongo da indarrean, eta 10 ardatz estrategiko, 34 helburu eta 17 ekintzatan antolatu da udal politikei dagozkien hainbat jarduera-eremutan: hirigintza, berdintasuna, gizarte-zerbitzuak, kultura, kirola, osasuna, partaidetza eta herritarrentzako informazioa, besteak beste.