Bost izan dira aurten Athletic Clubeko lehen taldearekin debuta egin duten jokalariak. Jarraian, jokalari hauek lehen aldiz elastiko zuri-gorria jantzi zuten kasu guztiak errepasatuko ditugu, protagonisten oroimenean geratuko diren uneak.
Debuta egin zuen lehena, apirilaren 28an, Nico Williams izan zen, 2020-21 LaLigako 33. jardunaldiko norgehiagokan, Real Valladoliden aurka, San Mamesen. Arratsalde hartan, Raul Garcia eta Ibai Gomezekin batera, Alex Berenguer, Jon Morcillo eta Oihan Sanceten ordez berdegunera sartu eta azken ordu erdia jokatu zuen aurrelariak. Gaur egun, 21 agerraldi ditu jada lehen taldean.
Gainerako estreinaldiak denboraldi honetan zehar izan dira. Abuztuaren 16an, Julen Agirrezabala eta Dani Vivian hasieratik atera ziren 2021-22ko lehen jardunaldian, zuri-gorriek Elcheren aurka Manuel Martinez Valero zelaian jokatu zuten norgehiagokan. Atezainak lau partidetan defendatu du lehen taldeko atea , eta atzelariak, neurketa askoren zehar min hartuta, bederatzi partida jokatu ditu ordura arte.
Hurrengo hilean, irailaren 11n, Nico Serrano izan zen Katedraleko berdegunean lehen aldiz zapaldu zuena, LaLigako laugarren jardunaldiko Mallorcaren aurkako garaipenean (2-0). Aurrelaria 83. minutuan zelairatu zen Iñaki Williamsen ordez, 9. zenbakiak Athleticekin 300 partida bete zituen egunean, eta lau partida daramatza jada maila gorenean.
Azkenik, urriaren 31n, Alex Petxarromanen txanda izan zen, udako merkatuan taldea indartzeko etorritako azken fitxaketa. 12. jardunaldiko derbian izan zituen lehen minutuak, Reale Arenan, Real Sociedad-aren aurka. Posizio ugarietan jokatu dezakeen jokalari trebeak Oscar de Marcos ordezkatu zuen defentsaren eskuineko aldean.