Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean koronabirusaren azken datu epidemiologikoen eta txertaketa-prozesuaren berri emateko.
Sagardui sailburuak, nahiz eta Euskadiko egoera “ez den ona”, nabarmendu nahi izan du COVIDaren eragina askoz txikiagoa dela behar beste babestutako pertsonengan; horregatik, txertoa jartzeko deia egin du. Ildo horretan, adierazi du atzo bertan hasi zela Osakidetza 50 eta 45 urte bitarteko pertsonei errefortzu-dosia jartzeko hitzordua ematen.
Era berean, 12 urtetik beherakoei dagokienez, esan du xede-biztanleriaren % 34,9k jaso dutela jada lehen dosia; eta, atzo, Euskadik 36.000 txerto pediatriko gehiago jaso zituela. “Horrek aukera emango du haurren txertaketa indartzen jarraitzeko”, gaineratu du.
Egoera epidemiologikoari dagokionez, sailburuak azaldu du egoera “ez dela ona”, eta OMICRON aldaeraren agerpenak eta egun hauetan izandako interakzioek “kutsatzeen, ospitaleratzeen eta ZIUetako pertsonen kopuruen gorakada ekarri duela”. Zentzu horretan, plantako ospitaleratzeetako bi eta ZIUko bi pediatrikoak direla zehaztu du.
Ospitale-inpaktuari dagokionez, Osasuneko sailburuak nabarmendu du albiste positibo bakanetako bat dela omikronaren ezaugarri bereziei erantzuteko arreta-ereduan egindako aldaketek eragina izan dutela lehen mailako arreta jasaten ari zen presioan.
Sailburuak, bere hitzaldiaren amaieran, gogorarazi du ez digula engainatu behar omicronak larritasun txikiagokoa izateak, batez ere txertaketa-jarraibide osoa duten pertsonen kasuan. «Portzentualki gutxiago izango dira, baina ospitaleetako eraginak gora egiten jarraitzen du, pertsona batzuk gaixotzen eta hiltzen jarraitzen dute», adierazi du. Horregatik, prebentzio-neurriak mantentzen jarraitu behar dela azpimarratu du.