Errege Magoek itxaropena eta ilusioa banatu dituzte “Gau Magikoan”

0
PRUEBA

Itxaropentsua, dibertigarria eta magiaz betea. Hala deskribatu dute gaurko eguna goizean Bilbao Arenara etorri diren umeek, “Gau Magikoa” ikuskizun zoragarria ikusi ondoren. Ikuskizun hori Erregeen Kabalgataren ordez egin da. Uriko gazteenek indar eta ilusio handiz abestu eta dantzatu dute. Hori bai, nor bere eserlekuan, zintzo-zintzo, musukoa ipinita eta segurtasun-neurriak errespetatuz. Izan ere, Traski eta Truski protagonistek azpimarratu dutenez, espazio magikoa denez gero, ustekabeko edozein mugimenduk magia hondatu lezake.

Ikuskizunak lau emanaldi dauzka gaurko egunean zehar, 40 minutukoa bakoitza. Eta emanaldi guztietan, Errege Magoen gutunak opari bihurtzen dituen makinak matxura handiak pairatu ditu. Baina Traski eta Truskik, publikoak lagunduta, alaitasunez, ilusioz eta musikaz konpondu dute. Hain zuzen ere, zortzi kantako musika-errepertorioak ikusleak gidatu ditu bi pertsonaia ausart hauen abenturetan zehar, makina berpizteko ahaleginean. Kanta horiek oso ezagunak dira familientzat: Elurra Teilatuan, Kolore Kolore, Zirkorrika, Lan Rober Ran, Do Re Mi, Gure Animaliak, Erregeak Datoz eta Maite Zaitut.

Publikoa dantzan eta abesten aritu da lehenengo saioetan (arratsaldean beste bi eskainiko dira), eta, beraien laguntzari esker, Traski eta Truski maitagarriek makina konpondu dute eta umeen milaka gutun opari bihurtu dituzte.

Bestalde, Ekialdeko Erregeak –Meltxor, Gaspar eta Baltasar– ikuskizunera etorri dira, eta euren zain zeuden ikusleei sorpresa ederra eman diete. Zalantzarik gabe, istorio magiko honek gaur gauean jarraituko du Bizkaiko hiriburuko etxeetan.

Saio bakoitzean 1.500 lagun sartu daitezke gehienez. Beraz, 6.000 bilbotar inguruk gozatuko dute gau “Gau Magikoa”.

Lehenbiziko emanaldia, 11:00etakoa, streaming bidez eman du udalaren web-orriak. Ikuskizuneko irudiak eta bideoak udal sare sozialetan (Bilbao Udala eta Bilbao Jaiak) ikus daitezke.

Sarrerak abenduaren 30ean jarri ziren salgai, 2 euroko prezio sinbolikoan. Sarreren salmentarekin batutako dirua Norai Bilboko elkartearentzat izango da, zeinak jatorri bateko eta besteko umeen garapen pertsonala bilatzen baitu musikaren bidez.