Eusko Jaurlaritzak 8.115 pertsona artatu zituen 2021ean iragaitzazko migratzaileentzat prestatutako baliabideetan

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak iragaitzazko pertsona migratzaileei laguntzeko prestatutako baliabideek 8.115 pertsona artatu zituzten 2021ean, azken lau urteetako kopururik handiena.

2018ko udan, migratzaile-fluxu handia izan zen euskal lurraldean, Europarantz eta, batez ere, Frantziarantz egindako ibilbidean. Orduan ikusi zen beharrezkoa zela kolektibo horri arreta emateko sare bat ezartzea. Sare hori, gehienetan oso ahuldua eta arreta behar zuena izan zen, bai higieneari, bai atsedenari, bai elikadurari dagokienez. Horrela eratu zen Iragaitzazko Pertsona Migratzaileak Hartzeko Erakunde arteko Koordinazio Mahaia, hirugarren sektore sozialeko erakunde eta agenteek osatua, hiru lurralde historikoetan banatutako zentroetan egunean 500 pertsona artatzeko gai den kontingentzia-plana onartu zuena.

Harrezkero, Irungo Hilanderas baliabidea, Gurutze Gorriak kudeatua, erreferentzia bihurtu da muga igarotzeko asmoz mugara iristen diren milaka migratzaileentzat. Hala, 2018ko ekainetik abendura bitartean, 5.837 pertsonak erabili zituzten Eusko Jaurlaritzak prestatutako baliabideak; 4.244 pertsonak 2019an erabili zituzten; 3.493 lagunek 2020an erregistratu ziren, murrizketa soziosanitarioek baldintzatutako urte batean, eta, azkenik, 8.115 pertsonak pasatu ziren instalazio horietatik 2021ean.

Euskal baliabideetara iristen diren pertsonek emandako informazioaren arabera, %94a Kanarietatik dator, muga pasatu eta Frantziara eta Europako erdigunera joateko. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak harreman estuagoak izan ditu Kanarietako Gobernuarekin eta Iparraldeko agintariekin, informazioa trukatzeko eta gerta daitezkeen egoerei aurre hartzeko.

“Kanarietako Gobernuarekin lan eta lankidetza ildo bati ekin diogu. Bertatik iristen zaigun informazioa oso garrantzitsua da, han gertatzen den guztiak eragina izango baitu hemen, hilabete pare batean. Iparraldeko Euskal Herri Elkargoarekiko harremanak ere areagotu egin ditugu, elkarrekin nola lan egin dezakegun ikusteko”, azaldu du Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak.

Lan ildo horretan, joan den azaroan, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jean René Etchegaray presidenteak adierazpen bateratu bat argitaratu zuten, eta bertan adierazi zuten pertsona migratzaileen heriotzengatik izandako “mina eta egonezina”, bai EAEren mugan, bai Calais-en, (Frantziako herrialdearen iparraldean). Biek hitz eman zuten elkarrizketarako gune bat sortuko zutela eta egoera horiei erantzuteko datuak eta informazioa partekatuko zituztela.

2021ean, hiru pertsonak bizia galdu dute Bidasoa ibaia zeharkatzeko ahaleginean: Yaya Karamoko, Boli Kostakoa, 28 urte zituen eta itota hil zen maiatzaren 22an; bere gorputza Burgosko hilerri musulmanean lurperatuta dago. Abdoulaye Coulibaly, 18 urtekoa eta Ginea Conakrykoa, abuztuaren 8an hil zen; bere gorputza Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin aberriratu zen. Hirugarren gorpu bat aurkitu zuten Bidasoako uretan azaroaren 20an, baina ezin izan da ofizialki identifikatu; 40 urte inguruko gizona izango litzateke, eta mugaren bi aldeetan lan egiten zuen sasoikako langilea izateko aukera aztertzen ari da.

“Errealitate dramatikoa dago; izan ere, egun batetik bestera, gero eta pertsona migratzaile gehiago joaten dira etxetik etorkizun hobearen bila. Eta muturreko baldintzetan egiten dute, hain baldintza latzetan, Europak ezin duela beste aldera begiratu, arrazoi humanitarioengatik soilik bada ere”, azaldu du Legarretak, eta baieztatu du Hilanderasko baliabidean kartelak jarri direla hizkuntza desberdinetan, Bidasoaren arriskuaz ohartarazteko.

Legarretak korridore seguruak eskatzen jarraitzen duen bitartean, Beatriz Artolazabalen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila hainbat programa garatzen ari dela azaldu du, hain kolektibo zaurgarria den migratzaileari arreta ematen laguntzen dutenak, bai iragaitzari bai nazioarteko babesa eskatzeari dagokionez.

Migrazio eta Asiloko zuzendariak onartu du “Atzerritartasunarekin, Immigrazioarekin eta Mugekin zerikusia duen guztia Espainiako Gobernuaren eskumena dela”, baina, era berean, uste du “mugan bizi den errealitate soziala hain dela lazgarria, ezin dugula beste alde batera begiratu”.

“Harrera-pisuak ditugu, bakarrik dauden emakumeei eta adin txikikoekin etortzen direnei laguntzeko zentroak, asilo-eskaerak… eta, jakina, iragaitzazko migratzaileei. Pixkanaka, migratzaileei harrera egiteko eta arreta emateko sare bat sortu dugu, gaur egun oso sendotuta dagoena”, esan du Legarretak.