Javier Hurtado sailburua: «Euskadi Bono Dendaren kanpaina berriak 7 milioi euro baino gehiago injektatuko ditu merkatuan 2 fasetan, 21 milioi euroko eragin ekonomikoarekin. «

0

Javier Hurtado sailburuak elkarrizketa eskaini du gaur Onda Vasca irratian, eta bere sailetako gaurkotasuneko hainbat gai izan ditu hizpide. Fiturreko turismoaren hitzordu handiaren bezperan, Hurtadok euskal turismoaren portaerari buruzko azterketa bat aurreratu du.

Sailburuak azaldu duenez, «Urtarrilaren 21era arte ez ditugu izango abenduko datu ofizialak eta horrekin batera urteko balantzea. Jakin badakigu urteko azken hilabeteko egoera pandemikoak ez diola lagundu turismoari, baina egia da, era berean, bigarren seihilekoko datuak, azarora arte, oso positiboak izaten ari zirela, eta hilabete batzuetan, abuztua kasu, 2019ko zifrak gainditu ere egiten ditugula. Pandemiak, beste behin ere, jakitun egiten gaitu aurrean dugun ziurgabetasunaz, baina sektore horrek bere sendotasuna eta profesionaltasuna erakutsi du, eta bisitaria erakartzea lortu dugu. »

Merkataritzaren arloan, Hurtadok kontsumoa suspertzen laguntzeko ekimenak azaldu ditu. «2021eko azaroan Euskadi Bono Denda atera genuen berriro, merkatariek eskatuta 2 fasetan banatu genuen merkataritza-bonua, Gabonetako aldiarekin bat ez etortzeko. 258.000 deskontu-bonu baino gehiago jarri ditugu merkatuan, kontsumitzailearentzat pizgarri izango direnak eta merkatuan 2,5 milioi euro sartuko dituztenak. Lehen fasean 4 milioi euro baino gehiago trukatu ziren bonuetan, eta ekimenaren arrakasta dela eta, 2 milioi gehiago eman ditugu martxoaren 31ra arte iraungo duen bigarren fase honetarako bonuetan, eta harrera oso ona izaten ari da; izan ere, 2 egun bakarrik igaro ditugu 40.000 bonu trukatuta. Guztira, Euskadi Bono Dendak 7 milioi euro baino gehiago injektatuko ditu merkatuan 2 fasetan. »

Fiturren hitzorduari dagokionez (bigarren urtez jarraian pandemiagatik neurri bereziak hartuko dira), Euskadik FITURen aurkeztuko du bere eskaintza zabala eta gure bikaintasuneko gastronomia, bere bi indargune handiak. Eskaintza bi ardatz nagusitan egituratuko da, eta ardatz horiek ere standaren diseinuan islatuko dira. Alde batetik, iraunkortasuna eta, bestetik, berrikuntza. Bertaratutako enpresen kopurua iazkoa baino handiagoa da, 50 inguruk baieztatu baitute, eta hori sektorea lantzeko eta dinamizatzeko duten gogo eta ahaleginaren erakusgarri da.

Sailburuak iragarri du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila laguntza lerro berri bat amaitzen ari dela ostalaritzaren sektorerako, eta urtarrilean aktibatzea espero duela. Eusko Jaurlaritzak ostalaritza-sektorerako laguntza berriak «urtarrila amaitu baino lehen» aurkeztea aurreikusi du. Laguntzak gaueko aisialdirako emango dira bereziki, pandemiari aurre egiteko murrizketek «gehien eragiten diotena» baita, eta «beste urrats bat eman eta lan-harremanak, enplegu finkoa, gehien zaintzen dituzten establezimenduak saritu» nahi ditu. Sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak pandemian zehar gertatu diren egoera ezberdinetara egokitzeko lan egin du, eta azpimarratu du ostalaritzak denbora horretan jasan duen eragina «denek aitortzen» dutela, «Eta horrela jokatu dugu pandemia osoan», azpimarratu du Hurtadok, eta gogorarazi du 100 milioi baino gehiagoko zuzeneko laguntzak ezarri direla ostalaritzarentzat.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza sektorearekin bildu da covid-aren seigarren olatu honen aurrean, eta laguntza berri bat abian jartzeko konpromisoa hartu du, bereziki gaueko aisialdiari zuzendua, pandemiaren aurrean ezarri diren murrizketek «gehien erasaten dutena» dena, hain zuzen.