1982ko otsailaren 8a da Ertzaintza, gaur egun ezagutzen dugun polizia-kidego gisa, garai demokratikoan sortu zeneko egun ofiziala. Egun horretan hasi zituen lehenengo ikastaroak lehenengo promozioak garai hartan Polizia Akademia (gaur egun Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia dena) zenean. Lehenengo ikasleek gainditu zuten EEP hartan ez zegoen emakume bakar bat ere; izan ere, ertzain izan nahi zutenek, beste hainbat baldintzaren artean, soldadutza eginda izan behar zuten. Horrez gainera, nahitaezkoa zen 1,73tik gora neurtzea, 18 eta 36 urte bitartean izatea eta Euskadin gutxienez 2 urte aurretik bizitzea.
Hautaketa-prozesuaren ondoren, lehenengo ikasleak Ertzaintzak bezala bere ibilbidea hasi berria zuen Akademian sartu ziren. Hasiera hartan Eusko Jaurlaritzak erosi zuen Iradier Hoteleko sukaldea eta jangelak erabili zituzten. Gauza bera gertatu zen Arkauten erosi zuten ikastetxe batekin, eta bi eraikinak egokitu zituzten lehenengo promozioetako agenteak prestatzeko.
Lehenengo promozio hartako agente izateko lehenengo oposaketa horietara 1.203 gizonezko aurkeztu ziren, eta 603k gainditu zituzten oinarrizko prestakuntza-aldiko probak. Sei hilabeteren ondoren, lehenengo agenteak segurtasun-lanetan hasi ziren erakunde autonomiko nagusietan. Ertzain berriak Eusko Jaurlaritzako eta lehendakariaren egoitza ofizialeko, Ajuria Enea Jauregiko, segurtasunaz arduratu ziren.
1982ko lehenengo promozio hartako bigarren agente talde batek trafiko eta garraioaren arloko prestakuntza egiten jarraitu zuen, eta handik laster osatu zituzten Euskadiko hiru hiriburuetako trafiko-unitateak. Errepideetara lehenengo Renault R-18 autoetan eta Sanglass 400 motorretan irten ziren. Berez, ertzain batek jarritako lehenengo trafiko-isuna 1983ko martxoaren 23koa da.
Araban Berrozi izeneko hastapena
Hasi berria zen garai demokratiko hartako lehenengo promozioa iritsi baino bi urte lehenago, 1980ko uztailaren 2an, Berrozira (Araba) iritsi zen eta 25 boluntarioz osatuta zegoen talde bat sortu zen. Finka hura lehenengo Eusko Jaurlaritzak erosi zuen Ertzaintzaren lehenengo formakuntza-ikastaroa bertan hasteko, eta lehenengo ikastaro hura instruktore eta aholkulari britainiarrek eman zuten. Berrozi herria kokapen ideala zen, haran zabal bateko herri abandonatu bat baitzen: etxeak, eliza bat eta 700 hektareako azalera zituen, eta Euskadiko lehenengo polizia-agenteak prestatzeko leku ezin hobea zen, beraz.
Garai hartan, 84 gizonezkok lortu zuten probak eta prestakuntza zorrotza gainditzea. “Berrozi” izeneko taldearen, egungo Babes Unitatea (bizkartzainak) osatzen duen taldearen, hasiera eta abiapuntua izan ziren. Lehenengo jarduketa 1981eko otsailean egin zuen, Juan Carlos I.aren bisita zela-eta Gernikako Juntetxea husteko operazioan. Polizia-operazio hura Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sail gazteak planifikatu zuen Espainiako Gobernuarekin koordinatuta, eta Berrozi taldearen aldeko apustu eztabaidaezina ahalbidetu zuen eta handik urtebetera euskal polizia sortzen erabakigarritasunez lagundu zuen.
Sortu berria zen eta lurralde osoan oraindik hedatu gabe zegoen Ertzaintza haren lehenengo egintza adierazgarria Juan Pablo II.a aita santuak Azpeitiako Loiolako Basilikara 1982ko azaroaren 6an egin zuen bisitako segurtasun-operatiboa izan zen. Ertzaintzak, hasiberria zen euskal polizia kidego gisa, egindako lehenengo erakustaldi publikoetako bat izan zen.
94 emakume aitzindari Ertzaintzan
1983ko martxoaren 8an sartu zen Arkauteko Akademian Ertzaintzako bigarren promozioa, eta oraingoan ikasleak emakumezkoak eta gizonezkoak ziren. Artxiboen arabera, promozio hartatik 637 agente sartu ziren, 543 gizon eta Ertzaintzan aitzindariak izan ziren lehenengo 94 emakumeak. Emakumeak Ertzaintzan sartu zirenean, Jaurlaritza instalazioak egokitzen eta prestakuntzako material teoriko eta praktikoa moldatzen hasi zen. Berez, Eusko Jaurlaritza emakumeentzat plazak gordetzen hasi zen hurrengo promozioetan, eta emakumeei 1,62 metro neurtzea eskatzen zitzaien. Emakumeen uniformea osatzen zuten belaunetik beherako gonak, galtzerdi gorriek eta takoi baxuko zapatek, baina emakumezko askok inoiz ez zituzten estreinatu ere egin eta gizonentzat diseinatutako uniformeak erabiltzea erabaki zuten.
Bigarren promozio horretako agenteek, eskubide osoko funtzionario gisa euren destinoetan sartu aurretik, 1983ko abuztuaren 26an Bilbon gertatu ziren uholde larrietan parte hartu zuten. Ertzaintza gaztea herritarren segurtasunerako lanetan eta kaleetan hedatutako gizarteari laguntzen aritu zen lehenengo aldia izan zen.
Beste mugarri batzuk
Ertzaintzaren lehenengo urte haietan, zehazki 1985eko otsailaren 19ean, Euskadin gertatu zen eta agente talde handi baten parte-hartzea eskatu zuen beste gertakari garrantzitsu bat Oiz mendian gertatutako hegazkin-istripua izan zen. Ezbeharrean 148 pertsona hil ziren. Ertzainek mendian hedatu ziren Euskadiko larrialdietako teknikariekin batera lan egin zuten.
Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarentzat kontratutako lehenengo helikopteroak 1986an jarri ziren martxan. Garai hartan enpresa pribatu bat kontratatzen zen, harik eta aireontziak erosi ahal izan ziren arte Zaintza eta Erreskate Unitatea izenez ezagutzen den unitatea hornitzeko. Urteek aurrera egin ahala, premia berriak hauteman dira, eta euskal herritarrei zerbitzu hobea emateko atal espezifikoak sortzen joan dira.
Horrela, 1987an, esate baterako, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea sortu zen, eta prestakuntza-ikastaroa hainbat hilabetez luzatu zen. Unitate honek, sortu bezain laster, eta hasi berria izan arren, erantzukizun handia hartu zuen bere gain, Ertzaintza osoak bezala, ETAren aurkako borrokako urterik latzenetan. 1985etik 2001era bitartean ETAk Ertzaintzako 15 agente hil zituen, eta etengabe gogoratzen eta omentzen dira Euskal Poliziaren Museoko “Hemen Gaude” txokoan. Ertzaintzaren lana eta ikerketa funtsezkoak izan dira Euskadin indarkeriari amaiera emateko.
Ertzaintza hedatzea eta finkatzea
1984 erdialdean sartu ziren hirugarren promozioko agenteak Arrasaten (orain Bergaran integratuta dago), Bergaran eta Durangon inauguratu ziren ertzain-etxe berrietan.
Eta horrela joan ziren bata bestearen atzetik sartzen promozio berriak, eta gaur arte Ertzaintzako giza baliabideak eta baliabide materialak osatzen joan dira: 1985ean Gernika-Lumoko, Ondarroako eta Tolosako ertzain-etxeak ireki ziren, 1986an Balmasedakoa, Getxokoa, Zarauzkoa eta Zumarragakoa; 1998an Erandiokoa eta 1989an Azkoitiakoa, Galdakaokoa, Hernanikoa eta Andoaingoa (orain Hernanin integratuta dago); 1991n Laudiokoa, Errenteriakoa, Eibarkoa eta Guardiakoa; 1992an Muskizekoa eta Sestaokoa; 1993an Basaurikoa eta Etxebarrikoa, eta 1994an Irungoa, Donostiakoa eta Bilbokoa. Azkenik, 1995ean Gasteizko egungo Ertzain-etxea ireki zen, eta horrekin osatutzat eman zen Ertzaintzaren hedapena Euskadin. Une horretatik aurrera ebaluazio bat egin zen modernizatzeko eta etengabe hobetzeko, segurtasunaren eta herritarren babesaren arloko erronka berriei aurre egin ahal izateko. Egungo erronkak, besteak beste, Covid-19ak eragindako pandemia, ziberdelinkuentzia berria eta indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako eguneroko borroka dira, azken batean, Euskadin bizi diren pertsona guztien segurtasuna.
40 urte, 30 promozio
1982ko lehenengo promozioko 16 ertzainek zerbitzuan jarraitzen dute, Ertzaintzan karrera profesionala hasi eta 40 urtera. Lau hamarkada hauetan Ertzaintza etengabe hazi da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzaren 29 promozio sortu ditu euskal poliziak behar adina agente izan ditzan (8.000 agente) Euskadiko Segurtasuna bermatzeko.
Azken promozioa, 29.a, 2021eko abenduaren 1ean sartu zen Ertzaintzan; guztira 654 agente. 449 gizon eta 205 emakume dira, gehienak 25 urtetik 35 urtera bitartekoak, eta gero eta ikasketa eta prestakuntza maila handiagoa dute. Gainera, 2022ko otsailean hasiko dute prestakuntza Arkauten, 9 hilabeteko prestakuntza gainditzen dutenean (2022ko abenduan), Ertzaintzako 30. promozioa osatuko duten agenteek. 30 promozio 40 urtean.