Bilboko Alkateak Kanaleko pasealekua inauguratu du

0
PRUEBA

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak udal korporazioko zenbait ordezkarirekin Kanaleko pasealekua inauguratu du gaur goizean, Zorrotzaurreko Plan Bereziko lehen bide berria.

Izen berri hori parte-hartze bidezko prozesu baten emaitza da; prozesu horretan Deustuko barrutiko auzo-elkarteek parte hartu dute eta haiek ere inaugurazio-ekitaldian izan dira.

Aburto alkateak herritarren kolaborazioa azpimarratu du eta gogora ekarri du bizilagunen parte-hartzeari esker beste hiru kale-izen erabaki direla: San Ignazioko zubia, Galletaginak eta Sabina de la Torre, denak Zorrotzaurreko ingurunean.

Hala, Bilboko alkateak azpimarratu duenez, “Zorrotzaurre aurrera doa; urratsak egiten ari gara berroneratzean, berreraikitzean, gure apustu handirantz: Bilbo uri berritzailea, ingurumenerako jasangarria, unibertsitate-uria eta uri sortzailea izan dadila. Bilbotar guztientzako espazio berri bat sortzea, ikasteko, lan egiteko, ondo pasatzeko eta bizitzeko”.

KANALEKO PASEALEKUA

Kanaleko pasealekua Deustuko kanal zaharraren alboko bidea da, paraleloan doana Zarandoa etorbidearekin, Morgan kalearekin eta Ballets Olaeta kalearekin. Frank Gehry zubiaren elkargunean hasi eta Agirre Lehendakariaren etorbidearekin batera amaitzen da. Ez du eraginik etxebizitzetan ez komertzioetan.

Eremu horretako hirigintza-jarduketen ondorioz, baja emango zaio udalaren kale-izendegian Deustuko Kanaleko kaleari; izan ere, inguru horretako urbanizazio berriarekin, kale hori osorik desagertu da.

Kanaleko pasealekuarekin, Bilboko kale-izendegian 919 kale daude.

Kanal pasealekuko plakak 2016ko azaroaren Osoko Bilkurak onartutako irudi ofizialarekin jarri berri diren lehenak dira. Aurreko plaketan erabilitako bertsioaren aldean, aldaketa nagusiak ezkututik koroa desagertzea da, baita ereinotzaren eta olibondoaren adarra ere. Eta bere forma, gainera, ez da hain obalatua.