Hilaren amaiera arte izango da aukera Berdintasunaren aldeko Zirgari sarietarako hautagaitzak aurkezteko

0

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak azken belaunaldiko arnasketa autonomoko ekipoen edukiontzi bat eman dio Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuari. Edukiontzi hori Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko kideek erabiliko dute erakunde bi horien artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren babesean. Portuko Agintaritzak egin duen inbertsioa 251.175 eurokoa da.

Bizkaiko Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen bitartekoen espezializazioa eta eguneratzea etengabea da, eta tresna berriak sortzen dira, dagoeneko material asko garraiatzen duten kamioek ez duten espazio fisiko berri bat behar dutenak. Edukiontzi horrekin, aire arnasgarriko ehun botila baino gehiago eta arnasketa autonomoko ekipoen beste osagai batzuk eraman ahal izango dira, bai istripuetara, haien larritasunagatik edo baldintzengatik beharrezkoa denean, bai lurraldeko parkeetara, dagozkien arnasketa-ekipoak mantentzeko.

Arnasketa autonomoko ekipoak funtsezkoak dira norberaren segurtasunerako eta erreskate-lanetarako; izan ere, haiei esker, suhiltzaileek arnasa har dezakete gas toxikoak dauden lekuetan, oxigeno nahikorik ez dagoenetan edo tenperaturak altuak direnetan. Gailu horiekin pertsonek aire garbia arnas dezakete, eta ez da toxikorik edo ezpurutasunik sartzen haien arnasbideetan.

Arnasketa autonomoko ekipoen edukiontziaren ezaugarriak

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzurako arnasketa autonomoko ekipoen edukiontziak biltegiratze-eremu bat du, 115 botila garraiatzeko 5 orga independentetan, bai eta apal batzuk ere, ekipoak osatzen dituzten elementu hauek biltegiratzeko: 24 bizkarreko, 24 erregulagailu eta 36 arnas-maskara, mantentze prebentibo/zuzentzaileko lanak egiten direnenean birjartzeko edo benetako esku-hartzeak egiten direnean ordezkatzeko. Azken egoera horretarako, aire arnasgarrirako presio handiko konpresore bat du, 250 l/m inguruko karga-ahalmenarekin. Edukiontziak lan-eremu bat ere badu, maskaren eta bizkarrekoen mantentze-, egiaztapen- eta kontrol-lanak egiteko.

Edukiontzia kamioi eramaile bati akoplatuta doa, eta lurrera deskarga daiteke, baina berdin funtzionatzen du edukiontzia garraiatzen duen ibilgailura igota zein igo gabe; hortaz, ez du jarduteko eragozpenik sortzen, batez ere, benetako esku-hartzeetan. Gainera, energiaz hornitzeko sistema propioa du, nahiz eta kanpoko sare elektrikora ere konekta daitekeen.

Lankidetza-hitzarmena

Hornidura hau 1996. urtetik Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarren artean sinatuta duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatu behar da; hitzarmen horri esker, Aldundiko suhiltzaileak «Bilboko Portuan Esku Hartzeko Talde» legez daude eratuta, Portuaren Autobabes Planean jasotzen denez. Bilboko Portuko Agintaritzak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuari portuan gerta daitezkeen istripuetan esku hartzeko beharrezko ekipo teknikoak eta prestakuntza berezia eskaintzeko, portuaren ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

Egungo hitzarmena irailean sinatu zen, eta lau urteko indarraldia du. Hari esker, Bilboko Portua erreferentziako lekuan kokatzen da Estatuko portu-sisteman, salgai arriskutsuek eragin ditzaketen istripuei aurre egiteko ahalmenari dagokionez.