Bingen Zupiria sailburua 2021eko René Cassin saria jasoko duen Elisa Loncon Antileorekin bildu da

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria Elisa Loncon Antileo aktibista eta politikari txiletarrarekin bildu da gaur Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Loncon-ek bihar jasoko du Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik, giza eskubideen inguruko 2021eko René Cassin saria.

Bingen Zupiria sailburuarekin batera Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariak ere parte hartu dute topaketan.

Elisa Loncón Convención Constitucional de Chileko presidentea da; akademiko maputxea da, hizkuntzalaria, aktibista eta politikaria, eta, oraintsu, Financial Times-ek munduko itzal handieneko 25 emakumeen artean aintzatetsi du. Giza eskubideen defendatzaile gisa egiten duen lanean, maputxeen herriaren eta Txileko jatorrizko herrien hizkuntza- eta kultura-desberdintasunak eta haien politika- eta lurralde-autonomia defendatzeko eta aitortzeko lan egin du. Elisa Lonconek kulturen arteko hezkuntza elebidunetik lan egin du zenbait espazio sozial, akademiko eta politikotan, eta Txileko plurinazionalitatea defendatu eta Txileko Estatuaren aurretik zeuden nazioak aitortzeko borrokatu da. Hain zuzen ere, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin egin duen bileran Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Politikaren arloan martxan dituen ekimenak ezagutu ditu eta hizkuntzen koofizialtasunerako prozesuak aztertu dituzte.