Irunen eta Bilbon ikusgai egon ondoren Gasteizko BIBAT Museoak Kumano Kodo Bideari buruzko 50 argazkiko erakusketa hartuko du otsailaren 27ra bitartean, Ise-jinguko Santutegi Handitik Kumano Sanzanerako bidea, hain zuzen ere.
Kumano Kodo, edo Kumano bidea, Kii mendietan dauden Kumanoko hiru santutegi handiak lotzen dituen erromes-bide sare zabala eta handia da. Kumanoko Hongu-taisha, Hayatama-taisha eta Nachi-taisha santutegiek osatzen dute Kumano Sanzan bezala ezagutzen den toki sakratua.
Erromes-bide horietako bat Iseji Ibilbidea da, Mie prefekturako Ise-jingu Santutegia, japoniarrentzat oso berezia den toki sakratua, Kumano Sanzanekin (Wakayama Prefekturan) lotzen duen bidezidorra. 2004an UNESCOK Gizateariaren Ondare izendatu zituen Kumano Sanzan, bere erromes-bideak eta gizateriak eta naturak sortutako paisaia kulturala, Koyasan (Wakayamako Prefekturan) eta Yoshino eta Omine (Narako Prefekturan) toki sakratuekin batera. Donejakue bidearekin batera, izendapen hori duen erromes-bide bakarra da, eta, horregatik, 1998az geroztik, bi bideak senidetuta daude.
Senidetze horren ondorioz, Japonian hainbat argazki-erakusketa egin dira Euskaditik igarotzen den Done Jakue Bideari buruz: lehenengoa, MIE prefekturako Kumano Kodo Center-en, 2020ko abenduaren 5etik 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean. Harrezkero, Wakayama prefekturako Kumano Hongu Heritage Center-en eta Shima hitiko Xabier Gaztelu-Museoan ere egon da ikusgai. Erakusketa honetarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Donejakue Bideko ondare-elementuei buruzko 50 argazki egin zituen.
Iseji ibilbideko berrogeita hamar argazki hauek Kumano Kodoren ikuspegi kulturala, natura, historia eta ondarea jasotzen dituzte: zolatutako bidezidorrak, harrizko monumentuak, Budaren irudiak eta itsaso eta mendien paisaia eszenikoak. Terrazetako arrozondoak eta te sailak, bestalde, pertsonen lanaren eta naturaren arteko aliantzaren ondorioz sortzen den edertasunaren erakusgarri dira. Belaunaldiz belaunaldi egin diren jaialdi tradizionalak ere aurkezten dira argazki erakusketa honetan.
Erakusketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu du eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren lankidetza izan du, honek Bibat Museoa erakusketa ikusgai jartzeko lagatzen baitu.