Donostiako Udalak 2.693.355 euro bideratuko ditu 2022an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara

0
binary comment

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) emateko jarduera irizpideak eta kontzeptu bakoitzerako 2022. urterako zenbatekoak, bai eta laguntza hauetarako 2.693.355 euroko gastua ere.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “partida hori ez da behin betikoa, eta handitu ahal izango da eskatzaile kopuru handiagoari eta emandako laguntzen zenbateko handiagoari erantzuteko, betiere aurrekontuaren baliabideen arabera”.

2021ean guztira 3.237 espediente artatu ziren (aurreko urtean baino 231 gehiago), eta horien artean 3.494.437 euro banatu ziren (aurreko urtean baino 233.622 euro gehiago). Aurrekontuaren ia erdia etxebizitzarekin lotutako laguntzetara bideratuta dago ( % 49 2021ean), eta ondoren, hurbiletik, energiarekin lotutakoak daude ( % 34 2021ean).

Hori dela eta, Gizarte Ekintza Sailak alokairura bideratutako gehieneko laguntza hilean 250 eurotik 275era handitzea aurreikusten du, eta energiara bideratutako gehieneko kopurua urtean 750 eurotik 900 eurora. Gainera, urtarrilean 162.068 euroko aparteko gastua egingo da GLLen bidez energia gastuetarako diru laguntzak eskatzen dituzten familientzat, 2021eko GLLen kontura.