Euskadiko gazteen langabezia-tasa 2021eko azken hiruhilekoan 2020ko aldi berean erregistratutakoa baino bost puntu txikiagoa da

0

Gazteen Euskal Behatokiak adierazi duenez, 2021´eko azken hiruhilekoko emaitzen arabera, euskal gazteen langabezia-tasak gora egin du urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta % 17,1ekoa da azken neurketa horretan. Hala ere, kopuru hori aurreko urteko laugarren hiruhilekoan (2020) izandakoarekin alderatuta, gazteen langabezia-tasa bost puntu murriztu da.

Eustatek (Euskal Estatistika Erakundeak) hiru hilean behin egiten du Biztanleria Jardueraren Arabera Inkesta (BJA), eta 16 eta 29 urte bitarteko gazteei buruzko datuak ematen dizkio Gazteen Euskal Behatokiari.

2021eko laugarren hiruhilekoan, euskal gazteen langabezia-tasa puntu bat handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino ( % 17,6 eta % 16,8, hurrenez hurren). Arabak du gazteen langabezia-tasarik handiena ( % 18,4), eta Gipuzkoak txikiena ( % 15,9); Bizkaiak, berriz, tarteko maila du ( % 17,6).

Bestalde, 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa Euskadiko biztanleria orokorrarenarekin alderatuta, ikusten da gazteek batez bestekoa baino zazpi puntu gehiago jasaten dutela ( % 17,1 16-29 urteko gazteen artean eta % 9,9 biztanleria orokorraren artean).