Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzako ekimenak bultzatuko ditu erronka globalei laguntzeko

0
PRUEBA
  • eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 50,2 miloi euroko aurrekontua izango du

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako urteko lehen Kontseilu Errektoreko buru izan da, gaur goizean. Bertan, onartu dira aurten eLankidetzak egingo dituen jarduera nagusiak, aurrekontua eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko irizpide orokorrak. Apustu garrantzitsuenen artean daude osasun globalari egindako ekarpena eta Euskadiko zein beste lurralde batzuetako erakundeen arteko lankidetza tekniko arloko lana.

eLankidetzak jarraituko du sustatzen Eusko Jaurlaritzako beste sail eta zuzendaritzekin batera lankidetzaren arloko politika publikoen koherentzia. Hala, ekimen garrantzitsuenetariko bat izango da Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin batera, gaitasun teknikoak mobilizatzea osasun lankidetzako ekimenak bultzatzeko. Horien artean daude osasun langileei zuzendutako formazioa edota esperientzia solidarioak, Perura 2020an joandako osasun misioa bezala.

Ildo horretan, Paul Ortegak, eLankidetzako zuzendariak, nabarmendu du “erronka globalekiko erantzukidetasunak erakundeen eta eragileen arteko aliantzak eta koordinazioa sortzera garamatza, desberdintasunen, klima-aldaketaren edo baliabideen banaketa bidegabearen aukako borrokan laguntzeko”. Horien artean daude Erdialdeko Amerika-Euskadi ur- eta saneamendu-alorreko lankidetzarako erakundearteko programa edo autonomia erkidegoen arteko ekimen solidario bateratuen koordinazioa. Azken horren adibidea da iaz ekarpen bat egin zela nazioarteko funtsetara COVID-19aren aukako txertoak erosteko.

Era berean, eLankidetzak bake prozesuak babesten jarraituko du, eta, besteak beste, Kolonbiako Bakerako Sistema Integralari lagunduko dio.

 

Afrika eta ahaztutako gatazkak

eLankidetzak 50.264.291 euroko aurrekontua izango du garapenerako lankidetzarako. Lehentasunen artean daude emandako funtsen %20 emakumeak ahalduntzeko ekintzatara eta hegoaldeko erakunde feministetara %10 bideratzea. Afrikak lehentasuna izaten jarraituko du lankidetza politikan, eta kontinentean ekimenen %25 lortzeko konpromisoari eutsiko dio. Gainera, pertsonen, erakundeen, komunitateen eta giza eskubideen defendatzen dituzten sareen babesak %4ko erreserba izango du.

Krisi humanitarioen gorakada dela eta, eLankidetzak biztanleria zaurgarrienari eta horiekin lan egiten duten erakundeei laguntzen jarraituko du, bereziki, ahaztutako gatazketan eta beste indarkeria egoera batzuetan. Era berean, nazioarteko funtsetara ekarpenak egiteko konpromisoa hartzen du, tartean, Nazio Batuen Larrialdi kasuetarako Ekintzarako Funts Zentralari (CERF) eta gaiaren inguruko formazioa emango du, adibidez, generoaren inguruan.