Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak agerraldia egin du, gaur goizean, ohiko prentsaurrekoan, Gobernu Kontseiluaren ondoren, eta EAEko egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren berri eman du, bai eta jarduera kirurgiko programatuaren berrezarpenaren eta Osakidetzako azken LEParen berri ere.
Hori horrela, Sagarduik esan du Osakidetzak gaur goizean 2018-2019rako LEPerako eskabideak aurkezteko epea zabaldu duela, eta bi fasetan egingo dela: lehena, 19 kategoriatako 1.611 plazatarako izena emateko epea gaur zabaltzen den hau –haien artean, Lehen Mailako Arreta indartzeko deitutakoak sartzen dira– eta, bigarrena, 2022ko udaberrian –hartan gainerako kategoriak sartuko dira–. Guztira, lan-eskaina publiko honetan, 3.535 plaza eskainiko dira, eta hori Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak oro har lan-egonkortasunaren alde egiten duten apustuaren beste erakusgarri bat da. (esteka IREKIAren albistera)
Bestalde, Sagarduik jakinarazi du Osakidetza JARDUERA KIRURGIKOAri berriz ekiteko ahalegina egiten ari dela. Hori horrela, ospitale nagusi batzuk, goizeko ordutegian, jarduera kirurgikoaren % 80-100 inguru izaten ari dira.
Gainera, Sailburuak jakinarazi du ez dela baztertzen arratsaldeetan ere programatutako jarduera kirurgikoari berriro ekitea, baldin eta pandemiaren bilakaera onak jarraitzen badu. Azaldu duenez, hori posible izan da Gabonen ondoren plantilla berriro hasi delako lanean, pandemiaren joera-aldaketaren ondorioz eta intzidentzia jaitsieraren eta hartutako antolamendu-neurrien (inprimakiak, protokoloak…) ondorioz, aukera ematen ari baitira kirofanoetarako langile gehiago izateko.
Amaitzeko, Sailburuak iragarri du joera-aldaketa egiaztatzen ari dela pandemiaren bilakaeran.Ildo horretan, oraindik ere kutsatze asko daude (gaur egun 5.000 pertsona baino gehiago kutsatuta); pertsona asko ospitaleetan (790 inguru solairuko pertsonak eta ZIU pertsonak batuta); eta heriotza asko (azken astean 200 pertsona inguru hil dira koronabirusaren ondorioz); horregatik, zuhurtzia azpimarratu behar dut, ondorioztatu du.