Arantxa Tapia: “Bertako erakundeek lagunduta, gure enpresak izugarrizko proiektuak gauzatzen ari dira, ez daude geldirik Europako funtsen zain”

0
PRUEBA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko “faktoria” saioan. Bertan, besteak beste, Europako Funtsak eta Euskadiko enpresak gauzatzen ari diren proiektuak izan ditu hizpide. Tapia sailburuak nabarmendu du, bertako erakundeek lagunduta, Euskadiko enpresak izugarrizko proiektuak gauzatzen ari direla, “ez daude geldirik Europako funtsen zain”. “Europako funtsak etortzen direnean, ongi etorriak izango dira, baina ez gara horren zain egon eta ez gara egongo”, esan du. Zentzu honetan, azpimarratu du euskal enpresek mundu mailan lehiakorrak izan nahi badute, ezin dutela Europako Funtsen zain egon euren proiektuak aurrera eramateko; eta, beraz, baliabide propioak eta Eusko Jaurlaritzak jarritako baliabideak ari direla erabiltzen. “Lehengo urtean 400 milioi baino gehiago jarri genituen eta enpresek izugarrizko diru funtsak bideratu zituzten horretara”, adierazi du.

Ukrainako krisiak Euskadiko enpresetan izan dezakeen eraginari buruz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu du han kokatutako euskal enpresetan eta bertara esportazioak egiten dituztenetan eragin zuzena izango lukeela; baina gogorarazi du, badagoela guztioi eragingo ligukeen gai bat: energia. Europara iristen den gasaren %40 Errusiatik dator, eta egoera gaiztotuko balitz, Euskadiri ez lioke zuzenen eragingo ez duelako gas hori erabiltzen, baina prezioren igora Europa guztian gertatuko litzake, eta lehendik ere goian dagoen prezioak gora egingo luke.

Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak lan erreformaren inguruan esan du, Euskadiko lan erreforma izan behar duela, “errespetatu egin behar da gure autonomia”. Autonomia mailako hitzarmenak errespetatzearen garrantzia azpimarratu du sailburuak, “asko izan edo gutxi izan”.