Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera, bilera egin dute gaur arratsaldean Gemma Geis Kataluniako Generalitateko Ikerketa eta Unibertsitateko kontseilariarekin, eta Esther Morales Ikerketa eta Unibertsitate idazkari nagusiarekin.
Ikerbasque – Zientziaren Euskal Fundazioaren egoitzan egin den bileran, parte hartu dute, halaber, Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendariak eta Miren Artaraz Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak. Kataluniako Generalitatearen aldetik, kontseilariarekin eta idazkari nagusiarekin batera, Victoria Girona Unibertsitateetako zuzendari nagusia ere izan da bileran.
Bi taldeek elkarri azaldu diote ikerketaren eta unibertsitateen arloko politikei buruzko beren ikuspegia eta analisia, baita arlo horietan inplementatzen dituzten plan nagusiak ere. Euskadin egingo duen egonaldian, aipatutako bilerez gain, Kataluniako ordezkaritzak oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketako bi euskal zentroren ezaugarriak ere ezagutuko ditu: BC3 eta Biofisika Institutuarenak.
Bikaintasuneko ikerketaren arloan, Bildarratz sailburuak Hezkuntza Sailak abian jarri duen Ikur 2030 Estrategia azaldu dio Kataluniako bere homologoari. Estrategia hau Euskadiko politika zientifiko berriaren oinarria da, epe luzearen, espezializazioaren eta bikaintasunaren alde eginez. Ikur 2030 Estrategiak lau arlo edo nitxo enblematikoren aldeko apustu irmoa egiten du: neurozientziak; teknologia kuantikoak; neutrionika; eta superkonputazioa eta adimen artifiziala. Izatez, Euskadik garapen maila handia eta gaitasun nabarmenak lortu ditu arlo horietan.
Lau arlo horien aukeraketa, bestalde, bat dator nazioartean nagusi diren zientzia-ekimenekin eta ikerketa-ildoekin. Arlo horiek erronka globalei erantzuteko ahalmen handia dutenez gero, mundu osoko apustua dira, eta Euskadik gaitasun bereziak ditu arlo horietan. Edonola ere, Ikur 2030 estrategiarekin Euskadik beste urrats bat egin du aurrera. Zientzian, teknologian, enpresetan eta gizartean inpaktua izango duen aldaketa estrukturala bultzatu nahi du estrategiak, eta, horretarako, ibilbide luzeko ikerketa-ekimen enblematikoak bultzatuko ditu, nazioartean posizionamendua lortze aldera.
Hezkuntza Sailak 100 milioi euro jarriko ditu estrategia horretarako, 10 urteko aldian (2021-2030), Sailaren aurrekontuez gehigarri.
Unibertsitate-politikari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako arduradunek aditzera eman diete Hezkuntza Sailak, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateekin koordinatuta, garatzen duen planifikazio estrategikoak bost ardatz dituela: Zientzia+Unibertsitatea; Unibertsitatea+Enpresa; Euskadi Basque Country; Metodologia berritzaileen bidezko prestakuntza; eta Unibertsitate-komunitatearen Ekitatea eta Berdintasuna. Bost ardatz horiek zeharkako hiru ardatz dituzte oinarri: 2030 agenda, digitalizazioa eta gizarte-eragina.
Ikerbasque
Bildarratz kontseilariarekin bildu ostean, Kataluniako ordezkaritza Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren arduradunekin bildu da. Fernando Cossío zuzendari zientifikoak eta Iñigo Atxutegi zuzendari kudeatzaileak Ikerbasquek ikerketa-talentua erakartzeko, finkatzeko eta atxikitzeko abian dituen programen giltzarriak azaldu dizkiete, hala nola Research Professor, Research Fellow eta Research Associate programen giltzarriak.
2021. urtea amaitzean, Ikerbasquek guztira 35 herrialdetako 312 ikertzaile zituen (170 Research Professors, 80 Research Fellows, eta 62 Research Associate). 2021ean, 35 ikertzaile berri sartu ziren programa horien bidez, eta, orain, Ikerbasquek zabalik du aurtengo Research Fellow deialdia, 3 eta 10 urte bitarteko ikerketa-esperientzia duten 20 ikertzaile gazte kontratatzeko.
Kataluniako ordezkaritzak, halaber, zuzen-zuzenean ezagutu ditu Ikerbasqueko Plan Estrategiko berriaren ezaugarriak eta helburuak, baita aurreko planaren emaitza nagusiak ere.
Biofisika institutua eta BC3
Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Amaia Esquisabel Ikerketaren zuzendariak lagunduta, Kataluniako ordezkaritzak biharko (osteguna) ere lan-agenda betea izango du. BERC (Basque Excellence Research Centre) bikaintasuneko bi ikerketa-zentro bisitatuko dituzte: Biofisika Institutua eta BC3 – Basque Center for Climate Change, biak UPV/EHUko Leioako parke zientifikoan.
Biofisika institutuan egingo den bisitaren helburu nagusia da zentro horrek berriki abian jarri duen kriomikroskopio elektronikoa bertatik bertara ezagutzea. Munduko kriomikroskopio aurreratuena da, ezaugarri horiek dituen bakarra Europako hegoaldean (Frantzia eta Italia barne). Kriomikroskopio horri esker, Euskadik jauzi erraldoia egin du Biologia estrukturalaren alorrean, Europako erreferentzia bihurtzeraino. Azpiegitura hori funtsezkoa izango da, halaber, Euskadira ikerketa-talentu berria, hau da, Biologia estrukturalaren arloko nazioarteko ikertzaileak erakartzeko eta atxikitzeko.
Azken belaunaldiko kriomikroskopioek —Biofisika Institutukoaren gisakoek— mundu biologikoa eskala atomikoan deszifratzeko aukera ematen dute, eta, horri esker, gaixotasun neurodegeneratiboetarako eta zenbait motatako minbizietarako botikak eta tratamendu berriak garatu daitezke, baita txerto berriak egin ere.
Biofisika Institutuak biomintzen biofisika molekularraren eta zelularraren arloan egiten duen lana ezagutu ondoren, Geis kontseilaria eta bere taldea BC3 – Basque Center for Climate Change zentrora joango dira. Zentroko arduradunen eskutik, ezagutuko dute klima-aldaketaren kausei eta ondorioei buruz zentroak egiten duen bikaintasuneko ikerketa, eta lan horren barruan, zehatzago, BC3k Nazio Batuen laguntzarekin bultzatutako Aries proiektua, Adimen Artifiziala erabiliz kapital naturalaren balioa neurtzeko. Prozesu horri esker, natura-baliabide berriztagarri eta ez-berriztagarri guztiak kalkula daitezke (landareak, animaliak, airea, ura, lurzoruak, mineralak). Baliabide hauek guztiek, konbinatuta, ekosistema edo eskualde jakin batean pertsonei onurak ematen dizkiete.
Klima-aldaketako zientzialari ospetsu Maria Jose Sanz irakaslearen gidaritzapean eta diziplina anitzeko talde baten lanean oinarrituta, BC3 zentroaren helburu estrategikoa da erabakiak hartzeko ezagutza adierazgarriaren koprodukzioa sustatzea eta, horretarako, klima-aldaketaren ingurumen, gizarte, ekonomia eta etika-alderdiak integratzen ditu bere jardunean.