Jaurlaritzak trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko 46 kanpaina egingo ditu, eta arreta berezia eskainiko dio motozaleen kolektiboari

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2022an gauzatuko duen Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen Egutegia. Aurten guztira 46 kanpaina egitea aurreikusten da, eta istripuak saihesteko arrisku-portaerak zaintzeko izango dira.

Iazko istripuen tasari buruzko datuak kontuan hartuta, aurten ere motozaleen kolektiboari emango zaio lehentasuna kolektibo zaurgarri moduan. Izan ere, 2021ean Euskadiko kale eta errepideetan motozikletan zihoazen 17 pertsona hil ziren. Bestalde, gidatzean arreta-galtzeak eta, bereziki, telefono mugikorra erabiltzen den zaintzeko kontrolak ere areagotu egingo dira. Portaera hori errepidean arriskurik handiena eragiten duenetako bat da, eta gidabaimeneko 6 puntu galtzea ekar dezake, datorren martxoaren 21ean indarrean jarriko den Trafikoko Legearen erreformaren arabera.

Bide-segurtasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin, abiadura desegokia eta alkoholaren eta drogen kontsumoa kontrolatzen ere jarraituko da, arreta-galtzeekin batera Euskadin istripua eragin dezaketen arrisku-faktore nagusiak baitira.

“Iazko urtean pixkanaka berreskuratu genuen mugikortasuna, pandemia aurreko mailetara iritsi arte, baina, hala ere, istripuen-tasak ez du gora egin. Hala eta guztiz ere, iaz 42 pertsona hil ziren Euskadiko errepideetan. Horien % 48 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren, eta gehienak (17) motozaleen kolektibokoak. Hori dela eta, planifikatu dugun egutegi berrian arreta berezia eskainiko diogu kolektibo horri; izan ere, txirrindulariekin, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariekin eta oinezkoekin batera, errepidean zaurgarriena den kolektiboa da. Eta hori guztia trafiko-istripuetan errepikatu ohi diren faktoreak ahaztu gabe: arreta-galtzeak, abiadura desegokia eta alkoholaren eta drogen kontsumoa. Helburua arriskuak gutxitzea da eta, ondorioz, Zero Biktima ikuspegiarekin lan egitea, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Planak jasotzen duen bezala”, nabarmendu du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariarekin batera izan dira Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendentea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak, bai eta Ertzaintzako trafikoko lurralde-unitateen arduradunak ere.

Eusko Jaurlaritzak erabaki du eranskinean adierazten diren trafikoaren eta garraioaren zaintza eta kontrol kanpainen egutegiak onartzea 2022an. Kanpaina horiek Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateek gauzatuko dituzte, eta, hala dagokionean, ertzain-etxeetara atxikitako agenteek udaltzaingoekin lankidetzan.

ZIFRAK

2021ean 7.847 kontrol eta 188.182 proba egin ziren, eta % 11,4tan hauteman zen arau-hauste bat (guztira 21.430 arau-hauste hauteman ziren), hau da, 2020an hautemandakoak baino % 3,6 gehiago.

Trafikoa Zaintzeko eta Kontrolatzeko Kanpainen 2022ko Egutegian honako hauek kontrolatzeko kanpainak egitea aurreikusten da: arreta galtzeak, abiadura, alkoholaren eta drogen kontsumoa, hiri-bideetako harrapatzeak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, uhalaren eta haurrak eusteko sistemen erabilpena, bigarren mailako errepideetako baldintza teknikoak, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak.