Bilboko Udalak gizarte larrialdiko laguntzak eskatzeko epea irekiko du astelehenean, hilak 31

0

Bilboko Udalak datorren astelehenean, urtarrilak 31, hasiko du 2022ko ekitaldiko gizarte larrialdiko laguntzak eskatzeko eta izapidetzeko prozesua. Hala adierazi du Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako Saileko zinegotzi ordezkariak gaurko osoko bilkuran.

Iazko ekitalditik, udalak urteko lehen hiruhilekora aurreratu zuen laguntza hauen kudeaketa, ahalik eta pertsonarik gehienengana iristeko eta erabiltzaileei arreta emateko antolaketa egokia bermatu ahal izateko. Ildo horretan, Zubizarretak jakinarazi du datorren urtetik aurrera (2023) izapide hori urtarrilaren 1ean hasiko dela. Beraz, laguntzen eskaerak egiteko epeak kenduko dira.

Udalak lehentasuna ematen dio sistema telematikoen erabilerari, dirulaguntza horiek udalaren web-orriaren bidez egiteko (ez da behar sinadura elektronikorik ez erabiltzaile eta pasahitzik). Udal sailak azaldu duenez, online formatuak herritarrekiko harremana hobetzen du. Beste abantaila batzuk ere baditu: ordutegi malguak, berehalakotasuna, eskatzaileak inora joan behar ez izatea, kudeaketa hobea… Finean, honelako prozedurak gardenagoak eta fidagarriagoak dira.

Hala eta guztiz ere, Bilboko Udalak badaki arrakala digitala existitzen dela (zailtasun teknologikoak) dirulaguntza hauen hartzaile batzuen artean. Horregatik, izapideak online egiteko zailtasunak dituzten pertsonei beste bitarteko batzuk eskainiko dizkie: telefonoa (94 420 59 66) edo hitzordu presentziala (beste aukerarik ez dagoenean).

Modu berean, Gizarte Ekintza Sailak esan du “oinarrizko gizarte zerbitzuek urte osoan zehar, modu jarraituan, jarraipena egiten diela akonpainamendu sozialeko prozesuei lotutako eskaerei, larriak badira eta honelako dirulaguntzak jasotzeko aukera badaukate”.

EUSKO JAURLARITZAREN IRIZPIDEAK

Laguntza horiek emateak lotura zuzena du Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpideekin; aurten 8 euro baino gehiago (8.122.628 euro) bideratu ditu Bizkaiko hiriburuarentzat.

Hauek dira Gizarte Larrialdiko Laguntzak emateko kontzeptuak:

  • Alokairua (etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen ez dutenentzat), elkarrekiko alokairua, azpialokairua, ostatatzea, pentsioa edo apopilotza, baldin eta eskatzailea babes ofizialeko etxebizitza batean bizi ez bada.
  • Etxebizitzaz edo ohiko bizitokiaz baliatzeko eta zaintzeko gastuak (ura, zaborrak, estolderia, erkidegoa, OHZa eta etxebizitzaren asegurua).
  • Altzariak eta etxeko tresna elektrikoak erosteko gastuak (galdara, berokuntza, ur-berogailua, bitrozeramika, arropa-garbigailua, hozkailua, mikrouhin-labea, labea, argi-kontagailua, argiaren berrikuspena, …).
  • Etxebizitzako bizigarritasunerako eta oinarrizko instalazioetarako gastuak (elektrizitate eta iturgintzako konponketak, sukaldeen konponketak, leihoak, bainuontziaren ordez dutxa jartzea, zorua konpontzea, sarrerako atea aldatzea, margo-lanak, ohea, koltxoia, armairua eta sofa, …).
  • Aurreko kasu horietan aldez aurretik zorpetzea dakarten gastuak, nahiz eta muga batzuekin, zenbatekoei dagokienez.
  • Osasun zerbitzu publikoak asetzen ez dituen lehen mailako beharrizanetarako gastuak (optika, odontologia, psikologia, logopeda, arreta goiztiarra, audifonoa, haurtxoen beharrizanak, farmazia, arropa, garraioa eta antzekoak).
  • Energia-gastuak (hornidura elektrikoa eta gasa).
  • Behar-beharrezko elikagaiak eta higiene pertsonaleko produktuak (maskarak barne) erosteko gastuak.
  • Hipoteka, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-kredituak amortizatzeko eta interesak ordaintzeko.

Onuradunek laguntza gisa jaso ditzaketen diru-kopuruei dagokienez, Bilboko Udalak erabaki du espediente bati esleitutako zenbatekoa, gehienez, 2.500 euro izango dela. Kopuru hori salbuespenezko egoeretan gainditu ahal izango da, baldin eta behar diren txostenen bidez justifikatzen bada beharrezkoa dela.

LAGUNTZA HORIEK ESKURATZEKO BALDINTZAK

Bestalde, hartzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte eskaera egiteko unean:

  • Bizikidetza-unitate beregaina eratu behar dute, eskaera egin baino urtebete lehenagotik, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Bilboko Udalean egon behar dute erroldatuta eta bertan bizi behar dira eskaera egiten duten unean, eta, gutxienez, 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Adin nagusikoa izatea, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
  • Baliabide ekonomiko nahikorik ez edukitzea (ez daukate baliabide ekonomiko nahikorik baldin eta bizikidetza-unitatearen diru-sarrera garbiak diru-sarrerak bermatzeko errentaren % 150 baino txikiagoak badira).
  • Bizikidetza unitateari legokiokeen DSBEa baino lau bider handiagoa den ondarerik ez edukitzea.
  • 2018., 2019., 2020 eta 2021. urteetan emandako GLLak justifikatuta izatea.
  • Eskatutako laguntza bateraezina ez izatea beste diru-sarrera edo laguntza batzuekin, irizpide hauen eta dagokion diru-sarrerari aplika dakiokeen gainerako araudiaren arabera.
  • Ezin izango dira egon laguntzak (GLL/DSBE) jasotzen dituzten bi bizikidetza unitate baino gehiago eskatzailearen etxebizitzan.
  • Indarrean dagoen eta araudiarekin bat datorren alokairu-kontratua izatea.
  • Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda egotea, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuetarako erabiltzen diren kasuetan.
  • Ez izatea etxebizitzarako prestazio osagarriaren onuradun, salbu eta oinarrizko beharrizanetarako gizarte larrialdiko laguntzak eskatu behar diren kasuan.
  • Aribideko urtean lehenago GLL bat jaso ez izana.

Gainera, gizarte larrialdiko laguntzak eskuratzeko, DSBE 1,5 aldiz baino txikiagoak izan behar dira onuradunen urteko diru-sarrerak, kasuaren arabera: urtean 14.078,70 euro baino txikiagoak, baldin eta bizikidetza-unitatea pertsona bakarreko orokorra bada; 18.078,48 euro baino txikiagoak, bi kidekoa bada; edo 19.998,36 euro baino txikiagoak, hiru pertsona edo gehiagokoa bada.

Pentsiodunen bizikidetza-unitateen kasuan, GLL jaso ahal izateko gehieneko diru-sarrerak 16.153,20 euro izango dira, bizikidetza-unitatea kide bakarrekoa bada; 20.191,50 euro bi kiderentzat, eta 21.807 euro, bizikidetza-unitatea hiru kidek edo gehiagok osatua bada.

Halaber, honelako laguntzen erabilera kontrolatzeko, Udalak gizarte larrialdiko laguntzen gastuaren justifikazioa kontrolatzeko mekanismo bat aplikatzen du. Ezarritakoa betetzen ez bada, aldiz, justifikatu gabe dagoen aurreko urteetako laguntza erreklamatzen du aldian behin.