Hiriko ekonomia sozialaren sektorea lagundu eta sustatzeko asmoz Bilboko Udalak aurrera daraman Ekonopolo proiektuak “Lurralde-sustraitzea eta tokiko aukerak” izeneko prestakuntza-jardunaldi bat eskainiko du bihar, urtarrilaren 25ean.
Presstatzen programaren baitan egingo den bigarren saioa da, proiektu kolektibo bati ekin nahi dioten pertsonei, beren jarduera profesionalizatu nahi duten elkarteei edo ekonomia sozial eta solidarioaren ereduaren bidean jarri nahi duten enpresei zuzendua.
Prestakuntzako bederatzi saio teoriko-praktikoren bidez, parte-hartzaileei aholkua emango zaie, ikaskuntzak proiektu bakoitzari aplikatuta. Gainera, bi networking saio egingo dira finkaturiko enpresa-ekimenetako ordezkariekin eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekosistemako eragile publiko-pribatuekin harremanak sustatzeko.Saioak egun hauetan egingo dira:
- 2022ko urtarrilaren 25a: “Lurralde-sustraitzea eta tokiko aukerak”
- 2020ko otsailaren 1a: “Negozio-eredua egokituz: canvas soziala eta GJHak txertatzea»
- 2022ko otsailaren 8a: “Erakunde bizigarriak: ikuspegi ez-patriarkaletatik eraikitako erakunde-ereduak”
- 2022ko otsailaren 15a: Networking saioa, “Lankidetzan aritzea: Ekonopoloko ekosistema ekintzailea sortzea”
- 2022ko otsailaren 22a: “Ekintzailetza aniztasunetik”
- 2022ko martxoaren 1a: “Jasangarritasun ekonomikoa eta ekonomia sozial eta solidarioa finantzatzeko bideak”
- 2022ko martxoaren 8a: “Gatazkaren kudeaketa proiektu kolektiboetan”
- 2022ko martxoaren 15a. “Merkatu alternatiboa eta Ekonomia Sozialaren eta Solidarioaren berme-zigilua: merkatu soziala eta auditoretza soziala”
- 2022Ko martxoaren 22a: “Jantzi juridikoa: Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakunde bat eratzeko ereduak eta izapideak”
- 2022ko apirilaren 5a: Networking saioa: “Programa ixtea: Pitch day eta proiektuen arteko sinergiak”
Esteka honen bidez eman daiteke izena dibulgazio-saio horietan.
Era berean, Presstatzen programak laguntza-zerbitzu pertsonalizatua du, proiektu bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbide bat aholkatzeko eta prestatzeko. Gainera, proiektuek prestakuntza osagarrietan parte hartu ahal izango dute, eta BIG Bilbao Udal Ekintzailetza Zentroaren aholkularitza jaso ahal izango dute. Informazio gehiago posta elektroniko honetan: presstatzen@reaseuskadi.net
EKONOPOLO EKONOMIA SOZIAL ETA SOLIDARIOAREN POLOA BILBON
Ekonopolo proiektuaren helburua da ekonomia sozial eta solidarioa babestea eta sustatzea, eta ekonomia eraldatzaile horren ERREFERENTZIA izatea, ekintzailetzako eta garapen ekonomiko, sozial eta kooperatiboko eredua den aldetik eskaintzen dituen aukerak ezagutarazita. Era berean, gizarte-ekintzailetza kooperatiboaren garapena erraztu nahi da, enpresei ideiak sortzeko, abian jartzeko eta laguntzeko prozesuak babestuta, prestakuntzaren, orientazioaren eta helburu horretara egokitutako planen bidez.
- Ekonopolo proiektuak San Frantzisko auzoko Harrobi plazan dago, eta Bilboko Udalak sustatzen du, Bilbao Ekintzaren bitartez, REAS Euskadirekin koordinatuta, eta unibertsitateekin, enpresekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean.
AUZOFACTORY, ENPRESA-MINTEGIA
Gainera, Ekonopolo proiektuaren barruan dago Auzofactory Cantera, enpresa-moduluetan aldi baterako kokapena eskaintzen duen enpresa-mintegia, baita co-working espazioetan ere, Bilbon kokatu nahi duten enpresa-proiektuen, enpresen eta profesionalen sustatzaileentzat, jarduera ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta printzipioak errespetatuz eta egokituz egiteko.
Bilboko Udalaren Auzofactory sarearen helburua herritarren, auzoaren, enpresen eta hiriaren arteko elkargunea izatea da. Zentro horiek erreferentziazko gune izan nahi dute, herritarrei eta enpresei irekia, berritzaileak eta hiriaren garapen ekonomikoaren dinamizatzaileak, metodologia berriak, espazio berritzaileak eta zerbitzu aurreratuak dituena, eta Bilbo hiriarentzat estrategikoak diren sektoreak ardatz hartuta.