- Visesa sozietate publikoa arduratuko da obra berriro lizitatzeaz, administrazio-epeak arintze eta ahal bezain laster berriro martxan jartze aldera
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak kontratua deuseztatzea erabaki du, Irungo Lartzabal sektorean 43 zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari den Altuna y Uria SA enpresa esleipendunarekin. Enpresak obrak gelditu dituela eta esleipenean ezarritako baldintzetan lanarekin jarraitzeko zailtasunak dituela egiaztatu ondoren hartu da erabakia.
Soluzio hori hartu aurretik, Saileko zerbitzu juridikoek erabaki dute kasu honetan ez dela bidezkoa kontratua aldatzea, enpresak eskatzen zuen bezala, eta, beraz, Sailak kontratua baliogabetzeko prozedura abiarazi behar izan du. Prozedura hori laster hasiko da izapidetzen.
Aldi berean, VISESA, Eusko Jaurlaritzari atxikitako etxebizitza babestua sustatzeko sozietate publikoa, obra berriz lizitatzeaz arduratuko da, administrazio-epeak arintze eta ahal den bezain laster berriro martxan jartze aldera.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Irungo udalerrian etxebizitza babestuak —batez ere alokairuan eta gazteentzat— sustatzeko konpromisoa azpimarratu nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri batzuetan egiten ari den bezala.
Horri dagokionez, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendari Pablo García Astrainek Eusko Jaurlaritza Irunen etxebizitzaren arloan egiten ari den lana nabarmendu du. Eta gogoratu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, duela gutxi, Gipuzkoako herri horretako Udalarekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoko babes publikoko etxebizitzen operazio garrantzitsuenetako bat burutu duela Oinaurre auzoan soilik, guztira 128 etxebizitza eraikiz, baita Lartzabalgoen antzeko 34 zuzkidura-bizitoki ere.
“Horrez gain —adierazi du—, Udalarekin lanean ari gara, epe ertainean esparru berrietan esku hartu ahal izateko —Anakako San Miguel eta Alei kasu—. Halaber, lanean ari gara, azkenean, Lartzabalgo 43 bizitoki horiek errealitate bihurtzeko eta gainerako sustapenei gehitzeko”.