Hezeguneen Munduko Egunarekin bat eginez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Arantxa Tapia Txingudin eta Plaiaundin izan da, Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den jardueren jarraipena egiteko. Ekoetxean egindako topaketan, Amaia Barredo Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordeak, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak eta Alex Boto IHOBEko zuzendari nagusiak lagundu diote.
Txingudiko padurak Plaiaundiko Parke Ekologikoaren hego-mendebaldean daude, Irun eta Hondarribia udalerrien artean. Ekologia-, ingurumen- eta paisaia-balio handiko eremua da, baina giza presentzia ere handia du. Gipuzkoako Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bakarra da, eta puntu berezia da hegaztien migrazio-prozesuetan. Gainera, Txingudi Nazioarteko Intereseko Hezegune gisa agertzen da, Ramsar Hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera.
7 milioi euro Txingudirako
Tapia sailburuak Txingudiko Badiaren inguruko natura-guneen konektibitatea leheneratzeko eta hobetzeko Plan Zuzentzailearen esparruan azken lau urteetan, 2,3 miloi euroko inbersioa eginez, aurrera eraman diren jardueren balantzea egin du.
Egindako jarduketa nagusietako bat San Lorentzo urmaela handitzearekin eta padura-azalera handitzearekin lotuta dago, Plaiaundiko atzealdea lehengoratuz. Horretarako, hainbat azterlan kontratatu dira gune horretako ingurumena lehengoratzeko, inplikatutako eragileekin koordinatuta (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kostaldeen Zuzendaritza Nagusia, Ura eta Ekoetxea Txingudi); partzela zeharkatzen duen linea elektrikoa kentzea; lurren azterketa geoteknikoa; lurzoruaren egokitzapena eta lurren desjabetzea, baratzeak eta egiturak hartzen zituena; eta hondakinak kudeatzeko plana, besteak beste. Zeregin horietan 2 milioi euro baino gehiago inbertitu dira.
Hitzemandako beste jarduketa bat bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak sortzearekin lotuta dago, Hendaia, Irun eta Hondarribia estuarioaren inguruan hiri-konektibitatea sustatzeko. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berri bat proposatzen da Irunen dagoen Pierre Lotitik, iparraldearekin lotura egiten duten zubien azpiko pasabide batekin. Eraikuntza-proiektua, azterketa batimetrikoa eta topografikoa eta azterketa geoteknikoa idatzi dira, 90.000 euroko inbertsioarekin.
Bestalde, Jaizubiako padurak inguratzen dituzten bidezidorren sarea osatu nahi da Zaldiferra eta Bekoerrota eremuetan, ibilbideak Natura 2000 Sareak babestutako eremuen mugetara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Horretarako, ezkerreko ertzeko bidezidorrak osatzeko behar diren lurrak desjabetu dira, eta horrek 110.000 euroko inbertsioa ekarri du. Lurzoru horiek Kostaldeen Zuzendarizaren esku jarri dira, 600.000 euroko obra lizitatu ahal izateko.
Egindako inbertsio horien guztirako zenbatekoaren zati bat, 2,3 milioi euro baino gehiago, Europako funtsetatik dator, Txinbadia proiektuaren esparruan, Espainia – Frantzia – Andorra (POCTEFA) Lurralde Lankidetzarako Programa Operatiboaren INTERREG proiektua, % 65ean FEDER funtsek finantzatua.
Hurrengo lizitazioa: San Lorentzo aintzira handitzeko lanak
Lehen deskribatutako jarduketei Bidasoako ingurumena lehengoratzeko proiektu nagusia gehitu behar zaie. Lan hauen lizitazio prozesuari hurrengo asteotan ekingo zaio: San Lorentzo aintziraren proiektua. 2021ean aipatu natur-gunea lehengoratzeko eta konektatzeko proiektua aktibatu ondoren, proiektua egokitzeko lan handia egin behar izan da, lurraren berezitasun geotekniko eta morfologikoetara egokitzeko. Hasierako proiektua 2,7 milioi eurokoa bazen ere, behin betiko proiektuak lizitazioaren xede den oinarrizko aurrekontua 4,6 milioi eurokoa izango da.
Gune honetako jarduera nagusia otsailaren 14an aurkeztuko da zehatz-mehatz, Txingudiko Plan Zuzentzailearen Mahai Instituzionalaren testuinguruan.
Nazioartean garrantzia duten sei euskal hezegune
Euskadik 508 hezegune ditu; horietatik 6 garrantzi berezikoak dira nazioartean, eta Ramsar zerrendan jasota daude. Txingudiz gain, hauek dira: Urdaibai, Guardiako aintzirak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana. Guztien artean 1.734 hektareako azalera hartzen dute.
Hezeguneak etengabe edo aldizka urpean egotearen berezitasuna duten lur-eremuak dira. Aldian-aldian urez estaltzen direnez, lehorreko eta uretako ekosistema hibridoak sortzen dituzte, ur gezatakoak zein gazikoak, eta animalia- eta landare-espezie ugari biltzen dituzte. Beren funtzioa oso garrantzitsua da, ez bakarrik mantentzen duten biodibertsitatearen ikuspegitik, baita uholdeetatik babesten dutelako eta karbono-hustubideak direlako ere.
Ura eta lurra elkartzeak dibertsitate biologiko handiko ingurune bihurtzen ditu leku horiek, eta gaurko egunez, bizitza hori guztia ospatzen da, baita hura babesteko beharra ere. Arantxa Tapia sailburuaren arabera, “hezeguneak babestea erabakigarria da Euskadiko hezeguneetako dibertsitate biologikoa leheneratzeko eta berreskuratzeko”. Era berean, sailburuak nabarmendu du “administrazioen eta eragileen arteko ituna erabakigarria dela ingurumena eta lurraldea lehengoratzeko emaitza egokiak lortzeko”.
Otsailaren 2an Hezeguneen Munduko Eguna ospatzen da. Egun honetan sinatu zen Irango Ramsar herrian, sinadura egin zen tokiaren izen bera hartu zuen Ramsarreko Hitzarmena. Dokumentuak ekosistema horien kontserbazioaren inguruko hitzarmena jasotzen du eta hezeguneek pertsonentzat eta planetarentzat duten funtsezko eginkizunaz kontzientziatzea du helburu.