Bizkaiko Foru Aldundiak 2.485.812 euroko inbertsioa egingo du BI-2120 errepidearen trazatua atontzeko eta hobetzeko, Asteinza eta Maruri arteko zatian. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek eta Maruriko alkate Isaac Amezagak eraikuntza-proiektuaren berri eman dute. Foru Aldundia 2009. urteaz geroztik dabil Plentzia-Mungia ardatzean lan egiten, BI-2120 errepidearen trazatuak hobetzeko eta eskualdearen eta edukiera handiko sarearen arteko lotura hobetzeko asmoz; proiektu hau, hain zuzen, jarduketa horren barruan sartzen da.
Proiektuaren arabera, errepidearen trazatua hobetu eta zuzenduko da Asteinza inguruko 400 metrotan zehar; horrez gain, bertan dagoen zirkulazioa «lasaiagoa» izatea bilatuko da, errepidea biribilgune batekin konektatuz, eta sarbideak berrantolatuko dira bide-segurtasuna nabarmen handitzeko asmoz. Lanak udan hastea aurreikusi da, eta 12 hilabetetan amaitzea.
Bestalde, errepideko txirrindularien trafiko handia txertatu nahi da, txirrindularientzako segurtasuna areagotuz; horretarako, 2 metroko zabalera duten bazterbide gorriak egingo dira bizikletek erabiltzeko. Gainera, proiektuan oinezkoen konexioa hobetzea ere aurreikusi da, 2,5 metroko zabalera duen espaloia eginez.
Eta beste hobekuntza bat ere egingo da: lehendik dauden zeharkako drainatze-obrak ordezkatzea, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta errepideak drainatzearen alorrean indarreko araudiak zehaztutako irizpideetara egokitzeko.