Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, Osasun Batzordearen aurrean, pandemiaren ondorioz hedatutako Erresistentzia Plana azaltzeko. “Argitaratu dugun laguntza-programa bakoitza kasu bakoitzaren inguruabar zehatzetara egokituz egin da. Sektorearekin partekatu dugu, haren eragin-maila, establezimendu kopurua eta egoera bakoitzerako formularik egokiena ezagutzeko. Laguntza bakoitza desberdina izan delako etengabeko hobekuntza-prozesu batean”, azaldu du.
2020 eta 2022 urteen bitartean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, bere Erresistentzia-planaren bidez, 130 milioi euro bideratu ditu zuzenean ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetara eta euskal turismo-enpresetara. Horietatik 102 milioi euro aparteko laguntzetan, 17 milioi euro baino gehiago laguntza arruntetan eta 11 milioi euro bonuen bidezko kontsumo-pizgarrietan. “Bultzada hori zuzenean sektoreetara iristen da, eta horri Jaurlaritza honen beste neurri ekonomiko batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola Lan eta Enplegu Sailaren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen osagarriak, Lanbideren laguntzak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bidez Espainiako Gobernuak emandako funtsak, ostalaritza-sektoreari beste 45 milioi eman dizkionak, edo Elkargiren finantzatzeko bidea, besteak beste”, zehaztu du sailburuak.
Aparteko laguntzen azken programak, Sailak deitutako 6. programak, 22 milioi euro bideratuko ditu ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren sektorera, 2.000 eurotik 70.000 eurora bitarteko zenbatekoekin tarte desberdinetan, establezimenduaren tipologiaren eta, beraz, eragin-mailaren arabera. Agindua gaur argitaratu da EHAAn eta 15 eguneko epea izango du eskabideak aurkezteko, otsailaren 28ra arte.
Sailburuak, amaitzeko, gogorarazi du Saila dagoeneko lanean ari dela Next Generation Funtsen deialdietan. “Funts horiei esker sail honen 2022rako aurrekontua 52,1 milioi eurotik 79,3 milioi eurora igarotzea ahalbidetzen da. Aurrekontu hori turismo, ostalaritza eta merkataritzako sektoreei laguntzeko da, tokiko garapena, helmugen lurralde-kohesioa sustatuz eta, horren bitartez, tokiko negozioak eta enpresak eta produktu berrien sorkuntzak”.
Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegora hiru deialdietan guri dagozkigun Jasangarritasun Turistikoko Planen 67 milioi eurotatik lehen 24 milioiak iritsi dira; Done Jakue Bideko turismoaren arloan kultura-ondarean esku hartzeko Xacobeo Planaren 5,5 milioi, eta beste 5,8 milioi hiri- eta landa-merkatuekin eta turismoa inguratzen den eremuetako saltokiekin zerikusia duten proiektuetarako merkataritza-lehiakortasuna bultzatzeko.