Euskadiko autokontsumoa laukoiztu egin da azken bi urteetan

0
PRUEBA

2020an energia-iturri berriztagarrietarako zabaldutako Energiaren Euskal Erakundearen laguntza-programak COVID-19aren pandemiaren faseetan bizi izandako aurkako zirkunstantziekin batera gauzatu ziren. Instalazioak abiarazteko izandako zailtasunak zirela-eta, 2021eko ekainera arte luzatu ziren laguntzak, horrela plantak osatu ahalko zirela ziurtatzeko.

Testuinguru horretan, guztira 915 eguzki-planta fotovoltaikok jaso dute azkenean euskal energia-agentziaren laguntza-programen babesa, egindako instalazio berrien ondorioz. Instalatutako potentzia 21 MW-ra iritsi zen, 2019. urtera arte eguzki-instalazio fotovoltaiko guztietan martxan jarritako ia kopuru berera. Instalazio horiek dakarten produkzio elektrikoa 2020ko produkzio fotovoltaikoaren % 36aren baliokide da, eta urte bereko Euskadiren sorkuntza berriztagarri totalaren % 2. Guztira, Euskadik autokontsumoari zuzenduta 26 MW ditu.

Lurralde Historikoen arabera, oso berdintsua da instalazioen banaketa, eta kopuruari dagokionez bizitegi-sektorerako egindakoak nabarmentzen dira, instalazio horien % 65 baitira, atzetik industria-sektorea duelarik, instalazioen % 19arekin. Bere eguzki-planten tamaina handiagoarengatik nabarmentzen da azken sektore hori, 2020-2021 aldian instalatutako potentziaren % 62 industriaren instalazio fotovoltaikoei baitagokie. Zentzu horretan, energia-trantsizioaren aldeko apustua sendotzen du sektore horrek, eta energia berriztagarri bat baliatzen du produkziorako dituen bere energia-premien zati bat hornitzeko. Horrela, gainera, faktura elektrikoaren garestitzeak eragindako kostuak egokitzen ditu autokontsumoak eskaintzen duen egonkortasunari esker, eta, horrenbestez, bere lehiakortasuna hobetzen du.

Laguntzen intentsitatea kostu hautagarriaren % 20 inguru izan da batez beste, kasu bakoitzaren arabera, eta laguntza horiek 20.000.000€-ko zenbatekoa eragin dute guztira instalazio guztiak abiarazteko beharrezkoak izan diren inbertsioetan. 2020ko laguntza-programek 8M€-ko hasierako zuzkidura izan zuten abiapuntu.

Euskadin energia-sistema berri bat egia bihurtzeko lehenengo pausoa sendotzen dute instalazio horiek, eta kontsumitzaileak berak kudeatuko du kontsumitzen duen energia betiere sistema horretan. Azken 40 urteetan energia-mixa eraldatzea lortu da petrolioaren deribatuen erabilera gutxitzeko eta ikatza desagerrarazteko. Hurrengo pausoa, eta betiere 2030. urterako Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiarekin sintonian, eredua gero eta gehiago energia-iturri berriztagarrietan oinarritzen den mix baterantz eraldatzen jarraitzea izango da, energia horien erabilera % 125ean gehituz, gure azken energia-kontsumoaren % 21 izateko moduan. Ildo horretan, autokontsumoaren planifikatutako ereduak paradigma-aldaketa dakar, eta kontsumitzen duten energia garbiaren produzitzaile ere izango dira kontsumitzaileak paradigma horretan.

 

Instalazio termikoak

Denboraldi horretan instalatutako eta EEEren babesa izan duten geotermiako, biomasako eta eguzki-energia termikoko instalazioak 200 izan dira guztira, eta intzidentziari dagokionez nagusi izan dira bizitegi-sektorean, instalazio horien % 85 instalatu baitira bertan. Batez ere berokuntza eta ur bero sanitariorako erabili dira, eta  modu berdintsuan banatu dira Araban zein Bizkaian eta Gipuzkoan.

Biomasa izan da teknologia erabiliena (% 55), eta haren atzetik geotermia eta eguzki-energia termikoa ditugu (% 31 eta % 14, hurrenez hurren). Sektoreen arabera, administrazio publikoa nabarmentzen da bizitegi-sektorearekin batera, tamaina handiagoko instalazioekin. Laguntza horiek 8.000.000€-tik gorako inbertsioak eragin dituzte teknologia termikoetan.