Iraia Iturregi: “Atletico aurkari zuzena da, dugun guztiarekin jokatuko dugu”

0
PRUEBA

Iraia Iturregi Lezaman prentsaurrekoa eskaini du taldeak bihar Athletic-Atletico partidaren aurreko azken entrenamendua egin aurretik. Loiukoak ondo ikusten ditu jokalariak eta egin duten lan fisikoak beste aste gogor batean eragina izan dezan espero du.

Lehenik eta behin entrenatzaileak ohartarazi duenez, “joan den astean eragozpen bat izan genuen atzeratutako partida bihar jokatuko zela jakitean. Uste dut plantila motza izan arren, aldatzeko jokalariak ditugula eta taldea lehiakorra dela, baina lesioak egoteak ere kezkatzen nau. Hainbeste partidu jarraian jokatuta aukerak igotzen dira “

Biharko Atletico Madrili dagokionez, Iturregik badaki partiden zama handia dela. “Bihar aurkari zuzen baten aurka jokatuko dugu eta guztiarekin joango gara. Ukituta dauden jokalari ugari ditugun arren, askok jokatuko dute. Jokalariek neurketa nola bukatzen duten ikusi beharko dugu, igandean beste norgehiagoka gogorra izango baitugu aurrean. Atletico joko antolatuan zein kontraerasoan min egin dezakeen aurkaria da. Goian hiru jokalari ditu, azkarrenak ez badira, ligako azkarrenetakoak. Ekimena, ziurrenik, beraiek eramango dute, baina horrek ez du esan nahi guk atzean sartu behar dugunik. Guk ere baditugu kontraerasoan min egiteko jokalari indartsuak eta ez dugu itxaron behar haiek zer egiten duten ikusi arte. Partidaren bila joan behar dugu lehen minututik. Badakigu Txapeldunen Ligara joateko aukeraren bat izan nahi badugu biharko partida irabazi behar dugula”

Lucia Garcia, Espainiar selekzioaren deialdian

Iraiak Lucia Garciak Arnold Cup-aren lehen ediziorako deialdian sartu dela azpimarratu nahi izan du: “Merezitako deialdia da. Badira beste jokalari batzuk ere, absolutuan sartzetik gertu egon zitezkeenak, baina Valdezate, Oguiza, Oihane eta Arana 23 urtez azpikoan sartu dira. Egia da partiduen gainkarga bat dela, baina taldearen lanaren saria da “