Konpromiso bikoitza izango dute lehoiek aste honetan. Asteazken-igandea binomioa askotan errepikatu da urte hasiera honetan. Asteazken honetan, 19:00etatik aurrera (Teledeporte), Athletic Clubek Atletico Madril hartuko du Lezaman, joan den abenduan talde madrildarream izandako COVID-19 kasuen ondorioz atzeratu zen 15. jardunaldian. Igandean, berriz, etxean ere, FC Bartzelona liderraren bisita izango dute lehoiek.
Joan den jardunaldian hirugarren postua galdu zuen talde baten aurka neurtuko dira zuri-gorriak, Atleticok Zubietan Realaren aurka berdindu ostean. Madrildarrak laugarren postuan daude orain, eta Txapeldunen Ligarako txartela berreskuratzeko gogoz etorriko dira. Bestalde, Iturregiren taldeak 2-0 galdu zuen Huelvan, golik sartu gabe geratu ziren partidan. Abenduaren 18an Tenerifeko lurretara egindako bisitatik ez zen horrelakorik gertatu. Garaipenaren bidera itzuli eta etenaldi luze batera sentsazio onenekin iristeko norgehiagoka izango da gaurkoa.