Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren Irizpeneko gomendio zientifiko-sanitarioak kontuan hartuta, otsailaren 14tik aurrera osasun-larrialdiko egoeraren adierazpena amaituko duen dekretu baten alde dagoela adierazi du. Egun horretan bertan, Osasun sailburuaren agindu batek jasoko ditu prebentzio-neurri orokorrak.
Ondorioz, astelehenetik aurrera indarrik gabe geratuko dira jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etan; edukieraren mugak; ekitaldietako ikusleen gehieneko kopuruak; ostalaritzako edo barruko kirol-jardueren egituraketa.
Komunikabideen aurrean egindako hitzaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Batzorde Zientifiko Teknikoaren Irizpenak, epidemiologia- eta ospitaleetako-adierazleen bilakaerak, joeraren aurreikuspenak eta txertatutako biztanleriaren mailak sustatzen dutela erabaki hori, bai eta Europako testuinguruan eta gainerako autonomia-erkidegoetan hartutako neurrien joerak ere.
FASE BERRIA
“Faktore horiek guztiak hartu ditu kontuan LABIren Aholku Batzordeak neurriak lasaitzeko eta osasun-larrialdiko egoerari amaiera emateko beste urrats bat emateko”, azaldu du Lehendakariak. Azaldu duenez, fase berri honetan pandemiaren kudeaketa ezohiko baliabideetara jo beharrik gabe gara daiteke, hala nola osasun-larrialdira edo LABIra.
ZUHURTZIA ETA SUSPERRALDIA
Lehendakariak, bere hitzaldia amaitzeko, bi gogoeta egin ditu: zuhurtzia mantentzeko gonbidapena eta susperraldirako deia.
Euskal herritarrei zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko eskatu die, birusak mutazio-ahalmen handia duelako eta planetako eremu askotan txertaketa-defizita mantentzen delako. Adierazi duenez, oraindik ere beharrezkoa da prebentzio-jarrera bat arrisku-egoeren aurrean, eta, aldi berean, prebentzio-neurri nagusiak gogorarazi ditu: maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia, barruko espazioak aireztatzea edo pilaketak saihestea. Ildo horretan, COVID-19aren erruz hil diren milaka pertsonak gogoratu ditu.
Bestalde, Lehendakariak suspertzeari buruz hitz egin du: «Prest gaude susperraldirako. Prest osasuna berreskuratzeko eta gizartearen neke pandemikoa gainditzeko». Hori da, bere hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua.