Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Osakidetzari laneko arriskuen prebentzioari buruzko demandaren inguruan

0
PRUEBA

Osakidetzak epaiaren balioespen positiboa egiten du; izan ere, aitortu den bezala, laneko arriskuen prebentzioa haren osasun-zentro guztietan beti izan da lehentasunezko kontu bat

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Osakidetzari, gatazka kolektiboko eta funtsezko eskubideen urraketari buruzko demanda ezestean; demanda sindikatuek jarri zuten, eta haren bidez eskatzen zuten EAEko Osasun Zerbitzuko langileek beren lanaldiaren barruan egunero 20 minutu arteko tartea izateko norberaren garbitasunerako, Covid-19aren aurrean kutsatzeko dagoen arriskua gutxitzeko. SATSE, ELA, CCOO, Euskadiko Sendagileen Sindikatua, ESK, UGT eta LAB sindikatuek planteatutako neurria EAEANk ezetsi zuen aurretik, baina, gero, helegitea aurkeztu zion alderdi sindikalak.  Orain, Auzitegi Gorenak berriro eman dio arrazoia Osakidetzari.

Gogorarazi behar da sindikatuek eskatzen zutela arrisku biologikoen eraginpean dauden langileei bazkalaurretik norberaren garbitasunerako 10 minutu hartzeko eskubidea aitortzeko, baldin eta lanaldia zatitua bada, eta, nolanahi ere, 10 minutu lanaldia amaitu aurretik. Halaber, bi armairu izateko eskubidea aldarrikatzen zuten: bata, norberaren gauzak gordetzeko, eta bestea, laneko arropa eta elementuak gordetzeko.

Auzitegi Gorenaren epaiak, EAEANren epaiarekin bat etorriz, ezetsi egin zituen bi demanda horiek, eta egiaztatu zuen ez dagoela “osotasun fisikorako eta bizitzarako funtsezko eskubideen gaineko urraketarik», eta Osakidetzak, dagoeneko, badituela “protokolo eta gida teknikoak”, eta haietan jasotzen direla “agente biologikoekiko esposizioarekin zerikusia duten eta kutsatuta dagoen edo kutsatuta dagoela susmoa duen paziente batekin kontakturik dagoen bakoitzean norberaren garbitasunerako beharra dakarten arriskuak prebenitzeko jarraibideak”; hala, higiene-neurri horiek lanaldian behar beste aldiz bermatzen dituen lan-sistema bat ezartzen da.

Horrenbestez, honako hau nabarmendu du: “langileek neurri higieniko hori lanaldian behar beste aldiz aplikatzerik badute eta aplikatu behar badute, ez du zentzurik eguneko lanaldia 20 minutu murriztera soilik garamatzan lege-manuaren interpretazioa egitea, ez baitakar segurtasun eta eraginkortasun gehiagorik langileen osasuna babesteko”.

Laneko arropa gordetzeko bigarren armairuari dagokionez –sindikatuen eskaera, arrisku biologikoen eraginpean dauden langileek beren arropa pertsonala laneko arropatik bereizita uzteko espaziorik ez dutela uste dutelako–, Auzitegi Nagusiak aitortzen du “gertakari frogatua” dela erabili eta botatzeko materiala (mantalak, mantak, maskarak, betaurrekoak eta galtzak) horretarako berariaz jarritako poltsetan uzten dela, eta oinetakoak eta eskalapoiak dagokien lekuan uzten direla, ondoren garbi ditzaten.  Horren harira dio, beraz, langileek ez dutela zertan beren armairuan utzi lanean erabiltzen dituzten babes-ekipamenduak beren arropa eta elementu pertsonalekin, eta, hala, indarreko araudia betetzen dela.

Hori guztia dela eta, Osakidetzak epaiaren balioespen positiboa egiten du; izan ere, aitortu den bezala, Osakidetzaren osasun-zentro guztietan laneko arriskuaren prebentzioa lehentasunezko gaia izan da beti, eta ez bakarrik Covid-19a etorri zenetik. Nahiz eta pandemiak segurtasun- eta babes-neurriak sendotzera eraman gaituen, Osakidetza gai horretan ez zen hutsetik abiatzen; izan ere, profesionalen segurtasuna lehen mailako kontua izan da beti.