Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza indartzeko beharrizanaren berri eman dio ostiral honetan Joaquín Pérez Rey Enplegu eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkariari, eta Diputatuen Kongresuak onartutako lan-erreformak Euskadiko ikuskaritza-zerbitzuan izango duen eraginaz hitz egin dute.
Lehendakariordea Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Euskal Kontseiluaren legegintzaldi honetako lehen bileran parte hartu du. Kide anitzeko organo horrek osaera paritarioa du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta administrazio zentralaren ordezkariak ditu. 2012an sortu zen, arlo horretako transferentzia amaitu ondoren, Euskadin ikuskaritza-jardueraren koordinazioa, eraginkortasuna eta efizientzia errazteko. Euskadiren ordezkari gisa, Mendiaz gain, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok, Laneko zuzendari Ángel Lapuentek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako zuzendariorde Icíar Gonzálezek, Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Ígosek eta Lanbideko zuzendari nagusi Gloria Mugicak parte hartzen dute.
Bileran, azken bi urteetan elkarrekin egindako kanpainen esperientziak partekatu dira, batez ere lan-iruzurraren arlokoak. Eusko Jaurlaritzak 2017an hasi zituen kanpaina horiek, eta Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnari esker bultzatutakoekin osatu dira. Azken horiek 2021ean ahalbidetu dute 6.444 enplegu erregularizatzea, urrian hasi zen hirugarren txoke-planaren prozesuaren emaitzak jakin gabe.
Era berean, bi administrazioen arteko lankidetza balioesteko balio izan du bilerak, batez ere gizonen eta emakumeen berdintasunari eta soldata-arrailaren kontrolari dagokienez, eta koordinazio-beharrak aztertu dira, Diputatuen Kongresuak lan-erreformarako premiazko neurriei buruzko Errege Lege Dekretua baliozkotu ondoren.
Lehendakariordeak, halaber, aukera izan du 2022 eta 2023 urteetarako Euskadiko Ikuskaritza Kudeatzeko Lehen Plana egiteko lanetan aurrera egiteko. Plan horren ardatzetako bat giza baliabideen eta baliabide materialen zerbitzua indartzea da, eta gai hori berariaz eskatu du EAEko Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak.
Ildo horretan, 2021ean hiru ikuskari-plaza sortu zirela jakinarazi da, 2022an lau gehiago eta datorren urtean hiru gehiago sortuko direla, eta horiei azpiikuskariko beste sei gehitu behar zaizkie. Era berean, lantokietara egiten diren bisitetan zereginak erraztuko dituzten tabletak eta beste baliabide material batzuk jarriko dira, eta web-orri bat sortuko da hura hobeto ezagutzeko eta gardenagoa izateko.