15 egunen buruan hasiko dira festak, baina udalak “betiko karanabalak” antolatzeko ahalegina egingo duela adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak: “Duela bi urteko karnabalak bukatu eta egun gutxira ezarri zuten osasun alarma egoera. Eta bi urtera, egoerak festak antolatzeko aukera eskaintzen digu. Falta diren bi asteetan ahalegina egingo dugu herritarren gozagarri izango diren karnabalak antolatzeko”. Gaurtik aurrera, beraz, eragileekin elkarlanean arituko da udala ekintzak aurrera eramateko.
Bidenabar, Odriozolak eskerrak eman nahi izan dizkie eragileei: “Badakigu bi urte hauetan gauza asko utzi behar izan ditugula bertan behera. Ez dira erabaki errazak izan, buruak eta bihotzak gauza ezberdinak nahi izan dituztelako. Hala ere, ardura kolektiboaz jabetuta hartu ditugu erabaki guztiak. Eta benetan eskertzekoa da”.