Javier Hurtado sailburua: “Euskal Autonomia Erkidegoan Eguzkiak banatzeak gure patua proiektatzen eta gure profesionalen sona areagotzen laguntzen du”

0
PRUEBA
  • Laugarren urtez jarraian, Donostia Espainiako gastronomiaren hiriburu bihurtuko da, bertan Eguzkiak banatuko baitira eta sukaldari ospetsuenek parte hartuko baitute herritarren jardueren programan

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok laugarren urtez jarraian Euskal Autonomia Erkidegoan ospatuko den Repsol Eguzkien sari gastronomiko ospetsuen ekitaldia aurkeztu du prentsaurrekoan. Ekitaldia otsailaren 28an egingo da Donostian, eta prentsaurrekoan Repsol Gidaren zuzendari María Ritter-ek eta Donostiako Turismo Jasangarriko zinegotzi Cristina Lagék hartu dute parte.

Sailburuak gogoratu du gastronomia bidaiatzeko gero eta motibazio handiagoa dela; halaxe dio Ibiltur 2019 txostenak, gastronomia jotzen baita Euskal Autonomia Erkidegora bidaiatzeko lehen motibaziotzat.

Hurtado sailburuak nabarmendu du “turismo gastronomikoak kultur praktika ugari biltzen dituela eta balio etikoak eta jasangarritasunekoak ere txertatzen dituela. Eta balio horiek ere indartuko dira otsailaren 28an Euskal Autonomia Erkidegoan egingo den Repsol Eguzkiak banatzeko laugarren ekitaldi honetan, Eguzki jasangarriei esker. Gainera, gastronomiak aukera ematen du helmuga turistikoaren paisaia, lurraldearen historia, balioak eta kultura-ondarea ezagutzeko eta dastatzeko.”

Gastronomia Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza turistikoaren erakargarritasun handietako bat da, baita bere irudi turistikoaren babesle nagusia ere, eta, horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoan Eguzkiak banatzeak gure helmuga proiektatzen eta gure profesionalen prestigioa areagotzen laguntzen du.

Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoko 62 jatetxek jaso dute saria: 9k Hiru Eguzki dituzte, 15ek Bi Eguzki eta 38k Eguzki Bat. Hiru Eguzki sari gehien dituen bigarren erkidegoa da, Kataluniaren atzetik. Prentsaurrekoan aurreratu denez, Repsol Gidaren Sol Sostenible #AlimentosdeEspaña Saria Donostiako portuan dagoen eta Gipuzkoako Baxurako Arrantza Ekoizleen Erakundeak kudeatzen duen ‘Kofradia’ jatetxeak eskuratuko du. Jatetxe hori arrantza jasangarriarekin eta itsasoko zero kilometroarekin duen funtsezko konpromisoagatik nabarmentzen da.

Eguzkien banaketarekin batera, jardueren programa paralelo bat antolatuko da, herritarren parte-hartzeari irekita egongo diren kaleko ekintzekin. Horretarako, Saileko sare sozialek gonbidapenak zozketatuko dituzte. Gonbidapen horiek irabazleei hilaren 28an Eguzkiak banatzeko ekitaldira joateko eta Donostian gau batez gozatzeko aukera emango diete. Gainera, kaleko jarduerak izango dira Donostian, ekitaldia egingo den hirian, baita beste bi hiriburuetan —Bilbon eta Gasteizen— ere; zehazki, showcooking-ak izango dira bertako merkatuetan.