Gobernu Kontseiluak 2022an arte plastiko eta ikusizkoen arloan jarduera zehatzak burutzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 464.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko ekitaldian baino 19.000 euro gehiago.
Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen modalitateak eta jarduerak.
- Sustapen-zabalkundearen modalitatea: 55.000 euro bideratuko dira arlo honetara eta bi motatako ekimenak lagunduko dira:
- Euskal Herrian bizi diren egileen lanak erakutsi edo zabaltzeko arte zentroetan egiten diren arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (jaialdiak, erakusketak, lehiaketak,…).
- Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak laguntzea (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak…).
- Argitalpen modalitatea: 135.000 euro bideratuko dira euskarri desberdinak erabiliz egindako publikazioak egitera, beraien xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta beraien lana sustatzea bada.
- Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: arte lana ekoiztea eta ikertzea. 274.000 euroko laguntza emango da.
Diruz lagunduko diren jarduerak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 5etik aurrera hilabetekoa izango da.
Iazko ekitaldian guztira 59 proiektu lagundu ziren diruz: 40 lagundu ziren sorkuntza ekoizpenaren modalitatean; 14 argitalpenen modalitatean eta 5 sustapen-zabalkundearen modalitatean. Onuradunek 3.800 eta 12.500 euro arteko dirulaguntzak jaso zituzten.