Eusko Jaurlaritzak 2022ko Estatistika Egitaraua onartu du: 210 jarduera eta 21 milioi euroko kostua izango ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko (asteartea) bileran Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Urteko Estatistika Egitaraua baimentzen duen dekretua onartu du. Bertan 210 estatistika-eragiketa planteatzen dira, aurreko urtean baino bat gutxiago, 21 milioi euroko kostuarekin.

Programa honetan sartzen dira Euskal Estatistika Erakundeak (Eustatek eta Eusko Jaurlaritzako sailetako estatistika organoek osatuak) aurten egingo dituen estatistika-lan eta -jarduera guztiak. Horrela, gaur egun indarrean dagoen 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Planean aurreikusitako jarduerak garatuko dira; plan hori lege bidez onartu zen Eusko Legebiltzarrean 2019ko ekainean.

Estatistika ofiziala ezinbestekoa da errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko, are gehiago krisi-une hauetan. Haren bitartez lortzen diren emaitzak funtsezkoak dira, zuzenean eragiten baitute erabakiak hartzean, bai sektore publikoan, bai pribatuan.

2022ko programaren kostu osoa 21 milioi eurokoa da, eta Eustatek du gasturik handiena, kostu osoaren % 74, alegia; ondoren daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila (% 6,6) eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila (% 4,8).

Aurreikusitako 210 estatistika-eragiketetatik, Eustat da 114ren arduraduna, eta gainerakoak (96) honela banatzen dira, sail bakoitzaren arabera:

  • Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: 31 eragiketa
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 13 eragiketa
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 10 eragiketa
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 9 eragiketa
  • Osasuna: 8 eragiketa
  • Lana eta Enplegua: 6 eragiketa
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 6 eragiketa
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 5 eragiketa
  • Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa
  • Segurtasuna: 4 eragiketa

Hiru foru-aldundiak ere agertzen dira parte-hartzaile gisa.

Gaikako arloen arabera, kostu handiena duena da “Demografia eta gizarte-ohiturak” (2022ko programaren % 13,2), ondoren “Estatistika-azpiegitura” (% 11,8) eta “Kontu Ekonomikoak” (% 11,3).

Hedapenari dagokionez, 170 estatistika-eragiketa egiturazkoak dira –urtean behineko edo gehiagoko maiztasuna dutenak, eta horietatik 95 urtean behin egiten dira-, 25 koiunturalak dira –urtean behin baino gutxiagotan hedatzen direnak– eta 15 noizbehinkakoak edo irregularrak dira.

Era berean, nabarmendu behar da 70 estatistika-eragiketatan informazio administratiboa edo fiskala ere erabiltzen dela datu-iturri gisa, eta beste 50 eragiketatan informazio osagarria edo mistoa erabiltzen da iturri gisa.