Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko Zinema-aretoen berrikuntzarako, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako proiektuak alde batetik, eta bestetik publikoak sortzeko eta fidelizatzeko proiektuak, eta ikus-entzunezko kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia. Guztira 1.153.000 euro izango dira.
COVID 19–ak eragindako pandemiak ikus-entzunezkoen kontsumoaren hazkunde nabarmena eragin du plataforma digitalen bidez eta itxieren eragina, aforo mugak eta zinema-aretoen estreinaldi garrantzitsuak atzeratu izanak ahuldu egin ditu zine-aretoetako enpresak. Gaur onartutako dirulaguntzen helburua publikoa aretoetara itzultzea eta ikus-entzunezko kontsumoaren esperientziaren ikuspegi berriak integratu eta errealitate berriei aurre egitea da.
Onuradunak
Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zinema-aretoen edo zinemaguneen ustiapenaren titular diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, eta baita beraien arteko edozein motatako elkarte izan daitezke onuradunak. Gainera laguntzen deialdia argitaratu baino gutxienez sei hilabete lehenago egon behar dute jendeari irekita, takilla kontrolatzeko eta diru-sarrerak deklaratzeko sistema batekin eta Zinematografiaren eta Ikusmen Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta egon behar dira.
Diruz lagunduko diren proiektuek honako xede hauek izango dituzte:
- Digitalizazioa eta zinema-aretoen jarduera nagusian teknologia berriak aplikatzea. Jasotako laguntzaren % 25, gutxienez, konektibitateari, gaitasun digitalari, Interneten erabilerari eta teknologia digitala enpresaren jardueran integratzeari lotutako ardatz honetan erabili beharko da.
- Garapen jasangarriko eta ingurumen-inpaktu positiboko neurriak hartzea.
- Publikoak fidelizatzeko eta erakartzeko sistemak ezartzea.
- Berrikuntza-sistemak ezartzea Europako ekoizpenen programazioan eta zirkulazioan eta Espainiako hizkuntza ofizialetan.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira zinema-aretoen mantentzen lanekin lotutako helburuak dituzten proiektuak.
Dirulaguntzen zenbatekoa gutxienez 24.000 eurokoa izango da pantaila bakarra duten aretoen kasuan eta gehienez 160.000 eurokoa 15 pantaila edo gehiagokoentzat.
Eskabideak aurkezteko epea, martxoaren 5etik aurrera hilabetekoa izango da.
Next Generation EU
Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko helburua dute Next Generation EU funtsek. Aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Helburu hori lortzeko neurriak sei zutabetan daude egituratua, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.
Europako Parlamentuaren Kultura Batzordearen 2021eko otsaileko “Cultural and creative sectors in post-COVID-19 Europe” azterlanaren arabera, ikus-entzunezko ustiapenaren negozio-ereduak kolokan jarri ditu COVID-19ak eta inbertsio-proiektu hauen bitartez ikus-entzunezko sektorea sustatu, modernizatu eta digitalizatu nahi da.