Euskadiko enpresa txiki eta ertainentzako 74 laguntza-programa, 590 milioi euroko aurrekontuarekin

0
PRUEBA

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) 2022eko laguntza-plana aurkeztu du. Plan horrek 74laguntza-programa biltzen ditu eta 590 milioi euroko aurrekontua du. Laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea, arreta berezia eskainiz Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen jasangarriari. Azken helburua eredu ekonomiko inklusibo eta iraunkorra indartzea da.

Laguntza hauen funtzio nagusia sortzen ari diren aukerak aprobetxatzeko gai diren proiektuak babestea da, proiektu eraldatzaileak gehienak. Ondorioz, 590 milioien % 70 baino gehiago I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratzen dira. Laguntzak osatzeko, ekarpen garrantzitsuak egin dira industrian, nazioartekotzean eta landako eta itsasertzeko ekonomia eta enplegua sustatzeko inbertsioetan.

Arantxa Tapia sailburuak eta Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak diru-laguntzen katalogo osoa aurkeztu dute, eta otsailaren 23an, 24ean eta 25an egingo diren jardunaldien berri eman dute. Jardunaldi horietan, enpresek laguntza-ildo bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte, eta beren premietara hobekien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatuta, sozietate publiko guztiak (SPRI Taldea, EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA) elkarrekin lan egiten ari dira laguntzei buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztietara irits dadin eta, hartara, laguntzak eskuratu ahal izan ditzaten.

 

Informazio jardunaldiak


Otsailaren 23an, Teknologia, Berrikuntza eta Ekintzailetza: Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, bere arloko zenbait zuzendarirekin batera, azalduko ditu  ikerketako, berrikuntzako, transformazio digitaleko eta ekintzailetzako programak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza-gune bihurtzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startup-en ekosistema eragile gisa.

Otsailaren 24ean, Industria, Energia eta Ingurumena: Javier Zarraonandia Industriako sailburuordeak eta Amaia Barredo Ingurumeneko sailburuordeak, saileko beste arduradun batzuekin batera, aurkeztuko dituzte industria-garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako, energia berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzak. Programa horien helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak barne-produktu gordinaren % 40ra iristea, baita enpresen nazioartekotzea COVIDaren egungo nazioarteko testuingurura egokitzea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izan dadin lortzea ere.

Gainera, lortu nahi da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea, hondakinen sorrera jaistea, hondakinen balorizazioa eta berrerabilera areagotzea, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezartzea eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetzea, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lor dadin.

Otsailaren 25an, Lehen Sektorea eta Landa-garapena eta Itsasertza:   Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak aurkeztuko ditu lehen sektorerako, elikagaien industriarako eta jasangarritasunerako laguntzak. Programa horiei esker, elikagaien ekoizpena handitu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz.

Honako esteka honetan eman daiteke jardunaldi horietarako izena: https://agenda.spri.eus/laguntzak/

Azken batean, laguntza-programa horien helburua modernizazioa eta lehiakortasuna bultzatzea da, Euskadiko enpresa-sarearen apustuari esker 2021ean inbertsio berrien katalizatzaile izan diren laguntza-lerroen bidez. Eusko Jaurlaritzaren ETEentzako 2021eko Laguntza Planak 8.096 proiektu bultzatzea lortu zuen, guztira 2.059 milioi euroko inbertsioa eraginez. Abiapuntua 68 laguntza-programa ziren, 430 milioi euroko inbertsioarekin.

Laguntzen zifra handiak 2022

Oraingo honetan, Planak 74 laguntza-programa eta 589.629.224,04 euroko hasierako inbertsioa aurreikusten ditu.

Hona hemen zifra nagusien xehetasunak:

Teknologiari eta I+Gri zuzenduta, 219.482.500,00 euroko laguntzak emango dira, eta Eraldaketa Digitalaren 26.515.000,00 euroei, Berrikuntzarako 6.801.000,00 euroei eta Ekintzailetzaren 4.800.000,00 euroei gehituta, 257,5 milioi euro gehiago bideratzen dira I+G+b proiektuak bultzatzera.

Enpresa txiki eta ertainentzako Eraldaketa Energetikorako laguntzak 150.190.724,04 eurokoak dira aurten, Ekonomia Zirkularrerako programen 7 milioi eta Bioekonomiarako 3,1 milioi gehituta Trantsizio Energetikorako, guztira, 160,2 milioi euroko izango dira.

Ondorioz, I+G+b eta Trantsizio Energetikoari zuzendutako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren aurtengo ETEentzako laguntza-programen % 70 baino gehiago dira.

Industriako inbertsioetarako pentsatutako programa garrantzitsuak ere nabarmentzen dira: 85 milioi industria-garapenerako eta 19.950.000 euro nazioartekotzerako.

Bestalde, landa- eta itsasertz-eremuko ekonomiaren eta enpleguaren sustapenak honako partida hauek biltzen ditu:

  • Elikadura industriaren aldeko programak: 36.150.000,00 €
  • Landa eta Itsasertz garapenerako laguntzak: 16.672.000,00 €
  • Lehen sektoreko ETEak 13.968.000,00 €