Gaitzespen irmoa Urgull mendian gertatutako eraso burugabeagatik

0
PRUEBA

Donostiako Udaleko Ekologia zinegotzi Marisol Garmendiak gogor gaitzetsi du gaur gauean Urgull mendian, Donostiako herritar guztien ondarean, hainbat pertsona burugabek sortutako kalte handiak.

Atzo arratsaldean, gazte batek ikurrinaren inguruan Dumper makina batekin lanean ari zen langile bat harri baten erorketaz «ohartarazi» zuen. Horretarako, gazteak langilea gertu zegoen beste leku batetara eraman zuen. Une horretan, antza, bigarren gazte bat langilea makinatik urrundu zelaz baliatu zen makinaren giltzak lapurtzeko.

Garmendiak azaldu duenez, «behin giltzak lapurtuta, gauean makina Urgul parketik kontrolik gabe ibili dute eta hainbat kalte sortu dituzte. Besteak beste, bankuak, paperontziak, parkeko seinaleak, markesina bat eta modu automatikoan garbitzen den komuna suntsitu dituzte – gogoratu behar da, komunean beste batzuetan ere kalteak eragin izan dituztela -. Dunperra Damen Bateriaraino eraman dute eta, bertan, su eman diote kanoi historiko baten ondoan. Zorionez, kainoiak ez ditu kalte handiak izan».

Lehen kalkuluen arabera, 100.000 eurotik gorako kalteak sortu dituzte, parkean lan egiten duen enpresaren ondasunei eta makinei eragindako kalteak kontuan izan gabe. Dagokion salaketa aurkeztu da Udaltzaingoaren aurrean, erantzuleak identifika ditzan.

“Irmo jokatu behar da Donostiako ondarearen aurkako bandalismo-ekintza larri horien aurrean” adierazi du Marisol Garmendiak. “Ez da lehen aldia horrelako gizalegearen aurkako ekintzak deitoratzen ditugula. Espero dugu Udaltzaingoak erantzuleak identifikatu eta Justiziaren esku utziko dituela».